• EKONOMIA
  • 24. Korrikaren ibilbidea aurkeztu dute

24. Korrikaren ibilbidea aurkeztu dute

Atharratzetik abiatuko da egitasmoa, 1985eko edizioan bezala. Euskal Herri guztia zeharkatu eta Bilbon amaituko da

23. Korrika Baionako karriketan | Argazkia: AEK
23. Korrika Baionako karriketan | Argazkia: AEK
2026eko urtarrilaren 8a - 09:30

24. Korrikaren ibilbidea aurkeztu du AEKk gaur. Euskararen aldeko egitasmoa Atharratzetik (Zuberoa) aterako da martxoaren 19an, arratsaldeko 15:30ean, eta, hamaika egunez Euskal Herri osoa igaro ostean, Bilbon amaituko da, martxoaren 29an. Guztira, 2.175 kilometro izango ditu ibilbideak eta 3.436 lekuko hartze izango dira. Kilometroak erreserbatzeko aukera otsailaren 1ean zabalduko da.

 

AEKren arabera, Korrikaren “itzalguneetako” bat da Zuberoako Basabürüa eskualdea, eta hori dela eta, garrantzia handia eman dio egitasmoa Atharratzetik ekiteari. Izan ere, Korrika ez da bertatik pasatzen, abiatzeko ez bada. Zuberoako udalerritik abiatu zen lehen eta azken aldia 1985ean izan zen.

AEKk jakinarazi duenez, Zuberoan eta Basabürüan euskara bizirik dagoen arren, azken inkesta soziolinguistikoaren emaitzek erakutsi dute etxeko transmisioa eten egin dela, eskola-transmisioak ez duela %15 gainditzea lortzen, eta euskararen erabilera desagertzen ari dela kaleetan. Halaber, Zuberoa da azken hiru hamarkadetan, biztanle-kopuruaren arabera, euskal hiztun gehien galdu dituen lurraldea.

 

Amaiera Bilbon izango da. Goizeko 07:20ak igarota sartuko da Bizkaiko hiriburuan. Eguerdian, lekuko barruko mezu sekretua irakurri dute, euskararen herritik eskuz esku pasatu ostean, eta, ondoren, egun osoko amaiera-jaia egingo dute.

Ibilbidean zehar, hiriburuen artean, Maule bisitatuko du lehendabizi Korrikak: Atharratzetik atera eta 16:45ean helduko da horra. Donibane Garazin, martxoaren 20an, ostiralean, izango da, gaueko ordu txikietan (02:50ean). Iruñera martxoaren 22an iritsiko da.

Martxoaren 24an, asteartea, Baionaren txanda izango da, eta Donostiatik, martxoaren 25ean, asteazkenarekin, ibiliko da. Gasteizera, berriz, martxoaren 27an, ostiralean, arratsaldeko 21:00ak aldera ailegatuko da.

ibilbidea24 50x70 def 3
24. Korrikaren ibilbidea | Argazkia: AEK