Euskal Herri osoko ikastola, eskola eta euskaltegietan zabaltzeko asmoz, Korrikaren webgunean eskuragarri dira jada unitate didaktikoak. Bi motatakoak dira: alde batetik, ikastetxeetarako ikasmaterialak, Euskal Herriko Ikastolekin elkarlanean sortuak, eta, bestetik, AEKren Didaktika Sailak prestatu dituen euskaltegietarako atazak, A1etik C1era antolatuak. AEKk nabarmendu du materialetako bat diseinatuta dagoela entzumen arazoak zailtasunak izan ditzaketen pertsonek erabili ahal izateko.
Unitate didaktiko hauen helburua da euskararen aldeko jarrera zabaltzea, gure hizkuntzarekiko kontzientzia suspertu eta haren erabileran eragitea, euskal kultura transmititzea eta bertoko erreferente kulturalak ezagutaraztea.
Ikastetxeetarako unitate didaktikoen egileak Orereta ikastolako Iñaki Zapirain eta Jon Alustiza irakasleak izan dira, eta aurtengo edizioko unitate didaktikoen berrikuntzak azaldu dituzte. Alde batetik, Korrika Txokoa izeneko jarduera sortu dute; zirkulazio autonomoan aritzeko materiala da, ikasleek beren nahien eta erritmoen arabera. Beste batetik, Hurrengora arte! jarduera aurkeztu dute, Korrika amaitu ondoren gauzatzekoa; euskararen aldeko egitasmoan bizi izandako esperientziak partekatzea izango du helburu.
Amaia Lopez de Luzuriaga AEKren Didaktika Saileko kideak, berriz, euskaltegien atazei buruzko xehetasunak eman ditu. Hiru materialeko sorta prestatu dute: Badator 24. Korrika!, 24. Korrikaren ibilbidearen jolasa eta Korrika historian.