2.423 langabe gutxiago ekainean Hego Euskal Herrian

Zerbitzu sektorean egin du gehien behera, udako kanpainagatik

Lanbideren bulegoetako bat | Argazkia: Irekia Lanbideren bulegoetako bat | Argazkia: Irekia

Langabeziak berriro ere behera egin du Hego Euskal Herrian, nahiz eta jaitsiera maiatzekoa baino txikiagoa izan. Guztira, 2.423 langabe gutxiago zenbatu dira, 1.710 Lanbideren erregistroetan, eta 713 Nafar Lansareren datu baseetan. Bestela esanda, 111.642 langabe dira EAEn une honetan, eta 31.349 Nafarroan.

Udako kanpainaren eraginez gertatu ohi bezala, zerbitzu sektorean jaitsi da batez ere langabezia. Sektore horretan, 1.003 langabe gutxiago zenbatu dira EAEn, eta 848 Nafarroan. Bietan ala bietan jaitsi egin dira industria eta eraikuntzari lotutako langabetuak: lehenengoan, 463 gutxiako EAEn, eta 66 Nafarroan; bigarrenean, 128 gutxiago EAEn, eta 13 Nafarroan. Nekazaritzan, ordea, joera desberdinak izan dira; EAEn 56 lagunetan behera egin badu ere (arrantza ere talde horretan sartzen da), Nafarroan 99 langabetu gehiago zenbatu dira.

Sinatutako kontratu kopuruari dagokionez, guztira 111.148 izan dira, 78.774 EAEn —aurreko hilabetean baino ia 10.000 kontratu berri baino gehiago— eta 32.374 Nafarroan. Gainera, kontratu mugagabe kopuruak goranzko joerari eutsi dio berriro ere, mota horietakoak izan baitziren 30.221 kontratu, horietatik 21.926 EAEn eta 8.295 Nafarroan. Ezarritako lan erreforma berria dela eta, mota hauetako kontratuak egonkortzen ari dira.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK