25 urte bete ditu Zitek programak, EHUren Bizkaiko Campuseko ekintzailetza babesteko egitasmoak. Mende laurdena ospatzeko ekitaldia antolatu du unibertsitateak bihar, maiatzaren 6an, goizeko 09:00etan. Bertan izango dira, besteak beste, Joxerramon Bengoetxea errektorea eta Estitxu Garai errektoreordea, eta programan parte hartu duten zenbait enpresen ibilbidea aurkeztuko da, proiektu esanguratsuei aitortza egiteaz gain.
Izan ere, Zitek egitasmoak helburu du negozio edo enpresa bat sortu nahi duten pertsonei (izan unibertsitateko ikasle, irakasle, ikertzaile, administrazio eta zerbitzuetako langile…) laguntza ematea, batik bat, berritzaileak edo oinarri teknologikoa duten enpresa bat eratu nahi dutenei. Horixe da azken 25 urteetan programak egin duena, eta balantzea “adierazgarria” da: programaren baitan 150 enpresa sortu dira eta ehunka ekimen bultzatu dira.
Egitasmoa 2000. urtean sortu zen, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta BEAZen arteko lankidetzaren ondorioz, eta ordutik “ikerketa akademikoaren eta produkzio sarearen arteko zubi bihurtu” da. Enpresak sortzeko laguntza eskaintzeaz gain, programak sariak eta lehiaketak ere antolatzen ditu; Think Big izeneko lehiaketa, esaterako, hamasei urtez antolatu da jada, eta orotara 1.121 partaide izan ditu. Sariei dagokienez, “enpresa potentziala duten doktorego tesiei zuzendutako” Handira Jo sariak eta “enpresa berritzaileak eta oinarri teknologikoa dutenak sortzera bideratutakoentzako” Abiatu sariak ere antolatzen ditu Zitekek.
“Zitekek agerian utzi du unibertsitateak, prestatu ez ezik, sortu, konektatu eta eraldatu ere egiten duela”, ondorioztatu dute EHUkoek.