• EKONOMIA
  • 27 milioi euro gehiago erabiliko dira EAEko industria ikerkuntzarako

27 milioi euro gehiago erabiliko dira EAEko industria ikerkuntzarako

120 milioi erabiliko dira izaera “estrategikoko” zein “lehiakorreko” proiektuak finantzatzeko

Hazitek programaren bitartez finantzatzen dira proiektuak | Argazkia: Europa Press
Hazitek programaren bitartez finantzatzen dira proiektuak | Argazkia: Europa Press
2025eko uztailaren 15a - 12:13

27 miloi euro gehiago bideratuko ditu Eusko Jaurlaritzak Hazitek programara, alegia, EAEko industria sektorean ikerketa bultzatzera. Hasiera batean, Spri Taldeak kudeatutako programarako 93 milioi euro erabiliko baziren, azkenean 120 milioi izango dira. Gehitutako diru kopurutik 11,45 milioi urte honetan bertan erabiliko direla ere jakinarazi du Jaurlaritzak.

 

Hazitek programak ikerketa industrialeko proiektuak finantzatzen ditu, lehiakortasuna eta jasangarritasuna bultzatzea helburu izanik. Horretarako bi finantzaketa-lerro erabiltzen dira: bata, “izaera lehiakorreko” I+G proiektuei bideratutakoa, eta, bestea, “izaera estrategikoko” I+G proiektuei bideratutakoa. Iaz, orotara 654 proiektu lagundu zituen programak, 91,2 milioi euroko inbertsioarekin. Aldi berean, inbertsio horrek 265 milioi euroko inbertsio pribatuak eragin zituen 759 enpresetan.

Jaurlaritzatik adierazi dute programari esker “EAEko ekoizpen-sarearen lehiakortasuna sustatuko dela, eragin ekonomiko esanguratsua izan dezaketen emaitzak sortuta”.