
Gipuzkoako Ogasunak 282,2 milioi euro itzuli dizkie zergadunei, eta 286,3 milioi euro jaso ditu, duela bi aste amaitu zen 2021ko Errenta kanpainan. Emaitza, beraz, 4,1 milioi euro positiboa da foru erakundearentzat, pasa den urteko emaitza baino 1,2 milioi txikiagoa. Jokin Perona Ogasun eta Finantzetako foru diputatuak kanpainaren balorazio ona egin du: “Badakigu testuinguru ekonomikoa asko aldatu dela azken hilabeteetan. Ziurgabetasun asko daude agertokian baina konfiantza osoa dugu gure herritarrengan eta gure enpresetan”, azaldu du.
Zenbakiei erreparatuta, 282,2 milioi euro itzuli ditu Ogasunak, pasa den urtean baino 14,2 gehiago eta 286,3 milioi jaso ditu, pasa den urtean egin zen kanpainan baino 13 milioi gehiago. Saldoa 4,1 milioi euro positiboa da: “2020ko Errentan baino 1,2 milioi gutxiago dira baina, hala ere, inoizko hirugarren emaitzarik onena da, duela bi urteko kanpaina eta pasa den urtekoaren atzetik”, adierazi du diputatuak.
Aitorpen kopuruari erreparatuta, berriz, zergadunek 389.569 aitorpen aurkeztu dituzte kanpaina honetan, pasa den urtean baino 6.000 gehiago eta, Ogasuneko arduradunek nabarmendu dutenez, azken hamarkadako zifrarik altuena izan da.
Hala, Internet bidez 103.557 aitorpen aurkeztu dira, 2019ko kanpainan baino 3.500 gehiago; proposamenetan iaz baino 6.000 aitorpen gutxiago aurkeztu dira, orotara 216.979; baina, aurrez aurrekoaren kasuan, igoera nabari da, 69.033 aitorpen aurkeztu baitira, pasaden urtean baino 8.200 gehiago.