• EKONOMIA
  • %2,9tik %2,4ra jaitsi da inflazioa eurogunean

%2,9tik %2,4ra jaitsi da inflazioa eurogunean

Azpiko inflazioa %4,2an kokatu da azaroan

Argazkia: iStock
Argazkia: iStock
2023eko abenduaren 19a - 15:30
Eg. 2024eko azaroaren 14a - 10:09

Inflazioak beheranzko bidean jarraitzen du eta puntu erdia jaitsi da urritik azarora. %2,4an kokatu da, energia produktuen merkatzea dela eta, 2021eko uztailetik izandako maila baxuenean. Iazko urrian KPIa %10,7ra ailegatu zen, eta harrezkeroztik behera egin du tasak.

 

Europako Batasunean zertxobait gorago dago inflazioa, eta azaroan %3,1ean kokatu da. Dena den, apaltze bidean da, orain urtebete %11,1ekoa baitzen inflazioa, eta pasa den urrian %3,6koa.

Danimarka (%0,3) eta Italia (%0,6) dira inflazio txikiena duten Europako herrialdeak. Alemanian %2,3an kokatu da, Frantzian %3,9an eta Espainian %3,2an. Inflazioa altuena, aldiz, Txekiar Errepublikak (%8), Hungariak (%7,7) eta Eslovakia eta Errumaniak (%6,9) dute.

 

Eurostaten arabera, azpiko inflazioari dagokionez, %4,2an kokatu da azaroan. Iazko epe berean, %6,6an zegoen. Hortaz, jaisten ari bada ere, KPI orokorra baino motelago ari da. Hain zuzen ere, energia produktuak eta elikagaiak kontuan hartu gabe neurtzen da azpiko inflazioa, eta energia produktuen beherakadak eragin du kontsumo prezioen apaltzea.