3,2 milioi kilo antxoa eta 7,4 milioi kilo berdel bildu dituzte euskal ontziek kanpaina hasieratik

Euskal flotak arrantzatu ez dituenak ere kontuan hartuta, 5,9 milioi kilo antxoa eta 11,6 milioi kilo berdel deskargatu dituzte EAEko portuetan

Eusko Label zigiludun berdela | Argazkia: Irekia Eusko Label zigiludun berdela | Argazkia: Irekia

Euskal flotak harrapatutako 3,2 milioi kilo antxoa eta 7,4 milioi kilo berdel deskargatu dituzte Euskal Autonomia Erkidegoko portuetan bi espezien kanpaina hasi zenetik. Hala jakinarazi du Bittor Oroz Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako sailburuordeak Getarian gaur ospatzen ari diren Antxua Egunaren eta Arrantzale Egunaren ekitaldi nagusian.

Antxoari lotuta, zehazki, 3.241.124 kilo antxoa deskargatu dituzte euskal arrantza ontziek, kilo bakoitzeko 1,97 euroko batez besteko prezioan. Euskal flotak arrantzatu ez dituenak ere kontuan hartuz gero, orotara 5,9 milioi kilo antxoa deskargatu dituzte euskal portuetan, kiloko batez besteko 1,89 euroan. Fakturazio globala 6.377.612,23 eurokoa izan da.

Gipuzkoako Getaria, Pasaia eta Hondarribiko portuetan 2.672.528 kilo deskargatu dira, kiloko 1,92 euroko batez besteko prezioan. Bizkaiko Bermeo, Ondarroa eta Santurtzin, aldiz, 3.250.000 kilo inguru porturatu dira, kiloko 1,87 euroko batez besteko prezioan.

Sailburuordearen hitzetan, antxoaren kanpaina “ona” ari da izaten, bai harrapaketari lotuta, eta baita lortutako batez besteko prezioengatik ere, bi kasuetan iazko datuak baino hobeak izan baitira (iaz 3,9 milioi kilo harrapatu ziren, kiloko 1,08ko prezioan).

Berdelaren arrantzari lotuta, euskal ontziek 7.424.392 kilo porturatu dituzte, kiloko 0,99ko prezioan. Euskal flotak arrantzatu ez dituenekin batera, orotara, 11.625.796 kilo deskargatu dira euskal portuetan, 1,05 euroko batez besteko prezioan. Fakturazio globala 7.424.392 eurokoa izan da.

Gipuzkoako portuek 3.794.825 kilo berdel erregistratu dituzte, eta batez besteko prezioa kiloko 0,88 eurokoa izan da. Bizkaian 3.700.000 kilo inguru deskargatu dira, batez besteko prezioa kiloko 1,11 eurokoa izanik.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK