• EKONOMIA
  • 3.500 langabe gehiago Hego Euskal Herrian lehen hiruhilekoan, INEren arabera

3.500 langabe gehiago Hego Euskal Herrian lehen hiruhilekoan, INEren arabera

Biztanleria aktiboaren inkestan biltzen denez, zifra horretan eragin du batez ere Nafarroako langabeziaren gorakadak. EAEn beheranzko joera hartu du

Argazkia: ACN
Argazkia: ACN
2023eko apirilaren 27a
Eg. 2023eko apirilaren 27a

INE Espainiako estatistika institutuak jakinarazi berri ditu EPA biztanleria aktiboaren inkestari loturiko datuak. 126.400 langabe zenbatu dira Hego Euskal Herrian, horietatik 87.100 EAEn eta 39.300 Nafarroan. Joerak, baina, kontrakoak izan dira. Nafarroan langabeziak nabarmen egin du gora EPAren arabera, %19,5 iazko epe beretik —6.400 langabe gehiago—, eta %16,8 aurreko hiruhilekotik —5.700 langabe gehiago—. EAEn, aldiz, jaitsi egin da: 2.900 langabe gutxiago zenbatu dira 2022ko epe beretik eta 3.700 gutxiago aurreko hiruhilekotik. Horrek %3,24ko eta %4,04ko beherakada suposatzen du, hurrenez hurren.

 

Okupazioaren kasuan, bietan jaitsi da, 1.264.000 okupatu erregistratu baitira, 12.700 gutxiago. Industria eta erainkuntzan atzeman dira jaitsierak batez ere, 10.600 eta 3.000 okupatu gutxiago erregistratuta, hurrenez hurren.

Eremu geografikoari erreparatuta, Nafarroan nabaritu da gehien beherakada. 2022an %1,8ko hazkundea izan bazuen, kontrako bidetik ekin dio 2023ko lehen hiruhilekoari, 284.800 okupatutan kokatuta. Iazko epe beretik %1,7 jausi da okupazioa, 4.000 langileetan. Aldea are handiagoa da urritik abendura arteko datuak hartzen baditugu

 

EAEren kasuan, beheraznko joerari eutsi dio okupazioak —%0,8 egin zuen behera 2021tik 2022ra—. Zehazki, %0,9 jaitsi da iazko epe beretik. Bestela esanda, 8.700 okupatu gutxiago zenbatu dira, eta 944.600 okupatu daude egun. Beherakada atzeman da iazko hiruhilekotik ere: %0,5 egin du behera okupazioak, 4.700 lagunetan.

Hiruhilean behin argitaratzen den inkesta da, Espainiako guztiko 200.000 bat pertsoneko laginarekin eginikoa, eta biztanleria aktiboaren —okupatu zein langabeen— eta inaktiboaren —aurreko kategoriatan jasotzen ez direnak— datuak biltzen ditu.