• EKONOMIA
  • 3.566 langabe gutxiago zenbatu dira maiatzean Hego Euskal Herrian

3.566 langabe gutxiago zenbatu dira maiatzean Hego Euskal Herrian

Gizarte segurantzako afiliatu kopuruak gora egin du

Lanbideren bulegoetako bat | Argazkia: Irekia
Lanbideren bulegoetako bat | Argazkia: Irekia
2022eko ekainaren 2a - 11:33

Langabeziak datuek beheko joerari eutsi diote. Hego Euskal Herri guztian 3.566 langabe gutxiago erregistratu dira apiriletik maiatzera, horietatik 2.202 EAEn eta 1.364 Nafarroan. Iazko maiatzari erreparatuz gero ere, beherakada izan da: 2021eko hilabete berean baino 9.266 langabe gutxiago daude EAEn, eta 6.498 Nafarroan. Guztira, beraz, 145.414 langabe daude Hego Euskal Herri guztian.

 

Sektore guztietan behera egin badu ere, zerbitzu sektorean jaitsi da gehien: 949 langabe gutxiago dira arlo horretan EAEn, eta 760 nafarroan. Era berean, aipatzekoa da kontratu mugagabeen zifra. Guztira, maiatzean 96.759 lan kontratu izenpetu ziren, horietatik 68.652 EAEn eta 28.107 Nafarroan, eta kontratu horietatik mugagabeak izan ziren 18.959 lehenengoan eta 7.317 bigarrenean. Lan erreformaren eraginaren emaitzak ikusten hasiak dira.

Langabeziaren beherakadarekin batera etorri da gizarte segurantzako afiliatu kopuruaren gorakada. Apiriletik maiatzera, kotizatzen duten 3.217 lagun gehiago dira Nafarroan, eta 3.946 EAEn.