358,4 milioi euro itzuliko ditu Gipuzkoako Ogasunak aurten

Iaz baino 24,4 milioi euro gehiago itzuliko ditu aurtengo errenta kanpainan

Irune Yarza, Jokin Perona eta Yolanda Dominguez gaurko agerraldian | Argazkia: Gipuzkoako Foru Aldundia Irune Yarza, Jokin Perona eta Yolanda Dominguez gaurko agerraldian | Argazkia: Gipuzkoako Foru Aldundia

Gipuzkoako Ogasunak 305 milioi euro bildu zituen iaz eta 358,4 milioi euro itzuliko dizkie aurten zergadunei. Hala azaldu dute gaur goizean 2023ko Errentaren kanpainaren inguruan egindako agerraldian. Emaitza, beraz, 52,8 milioi euro positiboa da zergadunentzat. Jokin Perona Ogasun eta Finantzetako foru diputatuaren arabera, kopuru hauek, "2021ean eta 2022an hartutako neurrien jarraipena" dute oinarri.

Pasa den urtean baino 24,4 milioi euro gehiago itzukiko ditu ogasunak eta 68 milioi gutxiagoko diru-sarrerak izan ditu. Saldoa, aurten, iaz ez bezala, negatiboa da. 1978a baino lehen lan mutualitateetan kotizatu zuten pentsiodunei zuzendutako epaiak 92,4 milioiko aldea sortu du zergadunen alde. Ildo horretan, Peronak kalkulua egiteko azken 35 urteak hartzen direla kontuan azaldu du. Hala, 100.000 pentsioduni "gutxi gorabehera" eragingo diela eta 2023ko Errenta kanpainan 40 milioi euroko eragina izango duela adierazi du.

Irune Yarza Ogasuneko zuzendariak azaldu duenez, guztira 415.000 aitorpen jasotzea espero dituzte, iaz baino 15.000 gehiago. Gipuzkoako Ogasunak 275.900 autolikidazio-proposamen bidaliko ditu, iaz baino 6.556 gehiago (+%2,4). Horietatik 195.050 itzultzekoak dira eta 80.850 ordaintzekoak.

Fortuna handiak

Ondarearen gaineko zergaz gain, aurten, berrikuntza gisa, zergetan fortuna handien elkartasunaren aldi baterako zerga sartu da, 3,2 milioi eurotik gorako ondareen gainekoa. Azken zerga hori ordaintzeko emaitza duten pertsona fisiko zergadunek bakarrik aurkeztu beharko dute. Bi zergen artean, Foru Ogasunak 8.900 aitorpenetatik 71,2 milioi euro inguru biltzea aurreikusten du.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK