
Bizkaiko errenta kanpainaren erdia iragan da, eta Bizkaiko Foru Aldundiak jakinarazi duenez, dagoeneko 384,84 milioi euro itzuli dira. Apirilaren 10ean hasi zen kanpaina eta orain arte 385.109 aitorpen aurkeztu dira.
Zergadunak iaz baino beranduago ari dira aitorpena aurkezten, izan ere, iazko kanpainan garai honetarako 400.000 aitorpen gehiago aurkeztu zituzten.
Orain arte aurkeztutako aitorpen guztietatik, %76,97 itzultzeko izan dira (zergadunen alde); batez beste, 1.298 euroko zenbatekoa itzuli da. Kanpaina amaitzen denean, ekainaren 30ean, 678.000 aitorpen inguru aurkeztuta egongo dira, eta, guztira, 600 milioi euro inguru itzultzea aurreikusten du Bizkiako ogasunak.
Halaber, kanpaina honen lehen erdian zehar aitorpena aurkezteko zergadunek gehien erabili duten kanala digitala izan da: guztira, 294.520 aitorpen, (%76,48). Ondoren, telefono bidezkoa dago, 74.733 aitorpenekin (%19,41), eta, azkenik, aurrez aurrekoa, 15.856 aitorpenekin (%4,11).