Aurrekontuak aurkezten jarraitu dute Eusko Jaurlaritzako sailek. Atzo Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntzako sailaren eta Etxebizitza eta Hiri Agendaren txanda izan zen, baita Hezkuntza, Osasuna edota Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoarena ere. Gaur, berriz, honakoen unea izan da: Mugikortasun Jasangarriko saila; Segurtasun saila; Turismo, Merkataritza eta Kontsumo saila; Elikadura, Landa Garapena, Nekazaritza eta Arrantza saila; eta Justizia eta Giza Eskubideen saila.
Mugikortasun saila: azpiegitura berriak
695 milioi euro izango dira Mugikortasun Jasangarriko sailarentzat. Horietatik 280,7 milioi euro Mugikortasun Jasangarrirako Estrategiaren Zuzendaritzak kudeatuko ditu, zeinaren ardura den Euskotrenen zein Renfeko aldiriko trenen zerbitzuak koordinatzea. Horietatik, 157 milioi lehenarentzat izango dira, eta 95,1 milioi bigarrenarentzat. Ezin da ahaztu aldiriko trena, berez, Renfek kudeatzen badu ere, eskumena Jaurlaritzak duela orain gutxitik.
Aipatzekoa da Euskotrenek jasoko duen guztizkotik 64,2 milioi euroko inbertsioak egiteko izango direla, tren eta tranbia gehiago eta hobeak izateko. Era berean, mantentze lanetan eta segurtasun sistemaren eraldaketa digitalean ere inbertituko da diruaren parte bat. Azkenik 7,4 milioi euro guztiz irisgarria izango den garraioa izatera bideratuko da.
Zuzendaritza horretako zifrak aletuta, adierazi behar da 408,9 milioi euroko zuzkidura izango duela Garraio Azpiegituren Zuzendaritzak, dauden azpiegiturak egikaritu eta berriak planifikatzeko. Kopuru handiena, 70 milioi euro, Bilboko metroaren 5. linea eraikitzera bideratuko da. Gasteizko tranbia Zabalganara luzatzeko lanentzat, berriz, 21,3 milioi euroko aurrekontua izango dute. Azkenik, 10,8 euro Donostiako erdiguneko trenbide-pasagunea eta Altza-Galtzarabordako saihesbidea egiteko obrek eragindakoak berritzeko erabiliko dira, baita Pasaiako biaduktua eta geltoki zaharra eraisteko ere.
Zientzia saila: EHUrentzat 29,1 milioi euro gehiago
698 milioi euroko aurrekontua izango du 2027an Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntzako sailak. Bertatik gehiena, 530,4 milioi euro, unibertsitate-sistemara eta goi-mailako prestakuntzako beste zentro batzuetara bideratuko dute beste urtebetez, tartean Musikene, GOI eta IMHra. EHUk, zehazki, 461 milioi euro jasoko ditu, 2026ko ekitaldian baino 29,1 milioi gehiago. Joxerramon Bengoetxeak orain aste batzuk dagoeneko esan zuen igoera hori "norabide onean emandako pausoa zela", nahiz eta ez dituen finantzazio espektatiba guztiak betetzen. Gogoan izan behar da aurreko urtean EHUri egindako esleipenak unibertsitateko errektoretzaren haserrea sortu zuela, beharrak 600 milioi eurotik gorakoak zirela defendatu baitzuten. Egoerari, baina, beste begirada batekin erreparatu diote aurten.
Aipatzekoa da guztizkoaren 370,9 milioi euro ohiko ekarpenari loturik daudela, %7,5ko igoera izanik. Gainera, 45,1 milioi euro esleitu zaizkio programa-kontratuari —%5,3ko igoerarekin— eta 20,1 milioi euro —%5,7 gehiago— irakasleen ordainsari-osagarriei. Azkenik, 25 milioi euro izango dira Urte Anitzeko Azpiegituren Planerako.
Gainontzeko aurrekontutik, 163 milioi ikerketa eta berrikuntzako aurrekontuaren parte dira, eta 5,1 milioi euro beste helburu batzuetarako. I+Gri loturiko parteari dagokionez, ikertzaileen prestakuntzara, hobekuntzara eta mugikortasunera bideratutako baliabideak hartzen ditu barne, baita goi-mailako talentu zientifikoa erakartzeko eta bertan errotzeko ekimenak ere. Horien zuzkidura 51,6 mimlioi eurokoa izango da, %8,4eko hazkundearekin. Doktorego aurreko eta ondoko prestakuntzara bideratutako aurrekontua 20,6 milioi eurokoa izango da 2027an. Ikertzaile-karrerako ordainsariak igotzea da helburuetako bat: doktorego aurreko ikertzaileen soldatak 19.950 eurotik 22.245 euro bitartekoak izango lirateke, batez beste; doktore-titulua duten ikertzaileen kasuan 32.587 eurotik 35.780 eurora joango lirateke.
Behera egin du, aldiz, ikerketa- eta berrikuntza-azpiegituren finantzaketak, 30,7 milioi euroraino, Ikerbasque zein DIPCren eraikinak amaituta baitaude.
Etxebizitza: 504 milioi
Denis Itxaso Etxebizitza eta Hiri Agenda sailburuak mahaigaineratu du 504,1 milioi euroko aurrekontua izango duela sailak 2027rako. Erreferentzia bezala iaz departamentuak izandako guztizko aurrekontua aintzat hartzen bada, 502 milioi euro alegia, igoera %0,4koa da: praktikan, zifra izoztuta geratuko litzateke. Itxasok, baina, oinarri bezala 422 milioi euroko aurrekontua hartu du, 2026an Europako Erresilientzia eta Berreskuratze Mekanismoetatik 60,1 milioi euro jaso dituelako EAEk, 2027an izango ez direnak. Era berean, defendatu du aurten funts propioekin erantzungo diotela hutsune horri, eta beraz, igoera %19koa dela.
Guztizkoaren %83,8 alokairura bideratuko da. 2027an. Besteak beste, 83 milioi euro bideratuko dira Etxebizitzako Prestazio Ekonomikora, eta 30 milioi Gaztelagunera. Oro har, ekarpen horiek 300 euroan geratuko dira. 1.840 etxebizitza eraikitzen hastea aurreikusita dago —5.174 izan dira legegintzaldian, orain arte—.
Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan
Egon zaitez azken berriekin informatuta