
Lanbideko Administrazio Kontseiluak 50 urtetik gorako pertsonak kontratatzeko plana aurkeztu berri du. Langabezian dauden pertsona hauen laneratzea sustatu nahi du Jaurlaritzak, eta diru laguntzak eskainiko ditu langabezian urtebete edo gutxiago daramaten 50 urtetik gorako pertsonak kontratatzeko.
Planak 2,2 milioi euroko aurrekontua izango du, eta euskal enpresek 200 pertsona “kalitatezko enpleguetan” kontratatzea ahalbidetuko du, Jaurlaritzaren arabera. Idoia Mendia lehendakariordeak eta Lan eta Enplegu sailburuak azaldu duenez, “gizartearen segmentu bat lan merkatuan sartzeko beharrak sustatuta” sortu dute programa. “50 urte edo gehiagoko pertsonak adinagatik zailtasun bereziak dituzte lan bat lortzeko edo mantentzeko", azaldu du.
Enpresek sei hilabeteko lan kontratuak egin beharko dizkiete gutxienez 50 urtetik gorakoei, eta aldi baterako nahiz kontratu mugagabeak egin ditzakete. Gainera, lanpostuek lanaldi osokoak izan beharko dute, eta lanaldi partzialekoak izanez gero, ezingo dira lanaldi osoaren %70 baino txikiagoak izan.
Era berean, laguntzaren zenbatekoa %15 areagotuko da kontratatutako langabeak emakumeak edo 55 urtetik gorako pertsonak badira.