• EKONOMIA
  • 607 milioi euroko aurrekontu-premia identifikatu du EHUk 2026rako

607 milioi euroko aurrekontu-premia identifikatu du EHUk 2026rako

"Bizirautetik harago" joan nahi du errektoretza taldeak

EHUko errektoretza taldeko ordezkariak | Argazkia: EHU
EHUko errektoretza taldeko ordezkariak | Argazkia: EHU
2025eko urriaren 27a - 16:09
Eg. 2025eko urriaren 28a - 09:03

EHUko errektoretza taldeak diagnostikoa ondu du unibertsitateak 2026an izango dituen premiak abiapuntu, eta horren arabera, 607 milioi euroko aurrekontua beharko duela jakinarazi du, atalez ataleko beharrak zehaztuta. "Bizirautea ezin da helburu izan", defendatu du Joxerramon Bengoetxea errektoreak, Estitxu Garai Bizkaiko Campuseko eta Komunikazioko errektoreordearekin eta Javier Varona gerentearekin batera legebiltzarreko alderdiekin —guztiekin Voxekin izan ezik— eginiko erronda baten. 

 

Gaur egun unibertsitateak 553,57 milioi euroko aurrekontua du, iaz %5,2 hazi baitzen. Horietatik 402 milioi euro (%78) dira Jaurlaritzaren ekarpena. Hala eta guztiz ere, errektoretza taldeak adierazitakoaren arabera, EHUk jasotzen duen finantzazioa ez da LOSU Espainiako unibertsitate-sistema erregulatzen duen legeak jasotzen duenaren erdira iristen. Izan ere, legeak dio EAEko BPGaren %1 inguru jaso beharko lukeela, 980 milioi euro, alegia. Gauzak hala, "jauzia" emateko garaia dela aldarrikatu dute. Aitzitik, hazkunde nabaria izan du EHUk azken hamarkadan, 92 gradu izatetik 108 izatera igaro baita, masterreta matrikulak bikoiztu egin baitira (2014an 1.902 ziren, 2024an 2.809) eta defendatutako tesiak ere igo egin direlako (410etik 546ra).

Jauzi berrian aintzat hartu nahi dira unibertsitatearen digitalizazioa, pertsonen segurtasunean aurrerapauso gehiago ematea, metro koadroko mantenurako jasotzen duen kopuruak —2 euro— gora egitea, irakasle-ikertzaileen lan-baldintzak hobetzea, arreta psikologikoa indartzea...

 

Errektoretza taldeak eskaera luzatu du azaroan Eusko Legebiltzarrean azaroan agerraldia egiteko Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza batzordean.