Abenduaren 4tik 8ra egingo da 61. Durangoko Azoka eta gaur iruditeria aurkeztu da Landako Gunean. Antolakuntzatik azaldu dutenez, hilabeteak daramatzate bost egunetako programa prestatzen. Aurten sorkuntzaren balioa eta sortzaileen lana nabarmendu nahi izan dituzte. Ideia horretatik abiatu dira 61. edizioko iruditeria sortzeko, kulturaren aniztasuna eta sorkuntzaren atzean dagoen lana irudikatzeko.
Beñat Gaztelurrutia koordinatzaileak aurkezpenean azaldu du: "Sortzea ez da berezko bulkada hutsa: irudimena behar da, baina baita formakuntza, lana, arreta eta iraunkortasuna ere". Horregatik, sortzaileen ekarpena aitortu eta ikusgarri egin nahi du Durangoko Azokak.
Bestalde, euskal kulturara gerturatzen ari den kulturzale berrien interesa azpimarratu da aurkezpenean. "Durangoko Azokak norbere nortasun kulturala bizitzeko, ospatzeko eta garatzeko aukera ematen die herritarrei. Azken boladan pozez ikusi ditugu euskarazko zenbait sortzaileren ekoizpen arrakastatsuak, euskal kulturara hurbiltzen ari diren kulturzale askoren arreta piztu dutenak”, azaldu du du Gaztelurrutiak. Jakin-min hori bere bidea jarraitzea nahiko lukeela adierazi du Durangoko Azokako koordinatzaileak eta Durangora joateko gonbidapena egin du.
Andoni Beristain diseinatzaile, argazkilari eta arte zuzendariak sortu du Durangoko Azokaren 61. edizioko iruditeria. Euskal kulturaren aberastasuna eta sorkuntza analogikoaren balioak aldarrikatzeko ideiatatik abiatu da. Kulturaren arlo desberdinetan erabiltzen diren objektuak erabili ditu irudien erdigunean eta bodegoi desberdinen bidez diziplina eta sortzaile guztiei lekua egiteko.
Aurkezpenean, Gerediaga elkarteko eta azokaren guneetako arduradunez gainera, erakunde babesle eta kolaboratzaileetako ordezkariak ere egon dira: Durangoko Udala, Bizkaiko, Arabako eta Gipuzkoako Foru Aldundiak, Eusko Jaurlaritza, Nafarroako Gobernua, BBK, Eroski, Euskaltel, Konfekoop eta EITB.
Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan
Egon zaitez azken berriekin informatuta