
Arabako Enplegu, Merkataritza, Turismo eta Foru Administrazioaren Sailaren aurrekontua 63,2 milioi eurokoa izango da 2024an, aurtengoa baino %4,8 handiagoa. Zerbitzu Orokorren Zuzendaritzak hartuko du aurrekontuaren zati handiena, 46 milioi euro inguru, eta digitalizazioa, arkitektura zerbitzuak eta foru aldundiaren gastu arruntak finantzatzera bideratuko direla azaldu dute.
Funtzio Publikoko zuzendaritzara 10,6 milioi bideratuko dira, eta Enplegu, Merkataritza eta Turismo Sustapenaren Zuzendaritzak, berriz, ia 6,5 milioi euro izango ditu.
Cristina Gonzalez Enplegu, Merkataritza, Turismo eta Foru Administrazioaren Saileko diputatuak azaldu duenez, Arabak une honetan "enplegu maila historikoak ditu, Gizarte Segurantzan 165.000 arabar afiliatu baino gehiagorekin", baina langabeziak "lehen mailako erronka eta gizarte kezka nagusietako bat" izaten jarraitzen duela adierazi du.
Hartara, 2024rako lehentasuna “enplegu aukerak sustatzea, haien kalitatea hobetzea eta langabezia tasa jaisten jarraitzea” izango dela azpimarratu du. "Horretarako, lan merkatuaren egungo premia eta erronketara egokituko ditugu gure estrategia eta politikak. Biztanle langabe guztiei zuzendutako zeharkako programei eutsiko diegu, baina arreta, batez ere, laneratzeko zailtasun bereziak dituzten kolektiboetan jarriko dugu”, azaldu du.