• EKONOMIA
  • %7 handitu da Alavabusen erabiltzaile kopurua urteko lehen seihilekoan

%7 handitu da Alavabusen erabiltzaile kopurua urteko lehen seihilekoan

Iaz garraio zerbitzuak inoizko bidaiari gehien izan zituela aintzat harturik, balantze "oso positiboa" egin du aldundiak

Jon Nogales Arabako Mugikortasun Jasangarriaren eta Bide Azpiegituren foru diputatuta | Argazkia: Arabako Foru Aldundia
Jon Nogales Arabako Mugikortasun Jasangarriaren eta Bide Azpiegituren foru diputatuta | Argazkia: Arabako Foru Aldundia
2026ko abuztuaren 24a - 11:10
Eg. 2026ko abuztuaren 24a - 11:13

Alavabus zerbitzuko autobusen bidaiari kopurua %7 handitu da 2026ko lehenengo seihilekoan iazko aldi beraren aldean. Orotara, 1.337.360 milioi erabiltzaile izan ditu garraio zerbitzuak.

 

Jon Nogales Arabako Foru Aldundiko Mugikortasun Jasangarriaren eta Bide Azpiegituren diputatuak datu horren balantze “oso positiboa” egin du gaur. Izan ere, Alavabusek 2025ean inoiz baino bidaiari gehiago izan zituela gogoratu du. Aurtengo datuekin iazko marka hautsi bidean dira.

Diputatuak arabarren konfiantza eskertu du, eta hazkunde hori egotzi dio "bidai eta maiztasun gehiagoko kalitatezko zerbitzu publikoa eskaintzeko garatu den etengabeko hobekuntzako estrategiari”. Halaber, zehaztu du eginiko azken hobekuntza Armiñonen eta Gasteizen arteko eguneroko konexio berria dela.

 

Nogalesek nabarmendu duenez, erabiltzaileen kopuruaren hazkundean ere eragina izan du orain bi urte eta erdi ezarri zuten deskontu progresiboko sistemak, hilean egindako bidaia kopuruaren arabera, txartelaren prezioan %67rainoko hobariak dituenak. “Sistema hori BAT txartel pertsonalizatuan oinarritzen da, eta harrera ona izan du; izan ere, Alavabusen egindako bidaien %37ri hobari horiek aplikatzen zaizkio", gehitu du diputatuak.

Arabako landa-gune txikiak beren erreferentziako herriguneekin lotzen dituen eskualdeko garraio zerbitzuak izandako bilakaera nabarmena ere izan du hizpide Nogalesek. Guztira 53.398 arabarrek erabili dituzte urtarrila eta ekaina bitartean eskualdeko garraioko lineak, hau da, %12,5eko igoera izan da 2025eko aldi berarekin alderatuta.

Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan  

Egon zaitez azken berriekin informatuta  

 
Aktibatu orain