
Atzo amaitu zen Euskaraldiaren laugarren edizioa, eta gaur egitasmoaren koordinazio mahaiak lehen balorazioa egin du Bilbon. Lehenik eta behin, eskerrak eman nahi izan dizkiete Euskaraldian parte hartu dute Ahobizi eta Belarriprest guztiei, eta antolatzaileek adierazi dute orain arte iritsi ez diren herritar geruza batera ailegatu dela aurtengo edizioa.
Irati Iciar Madinabeitia, Taupa euskaltzaleen mugimenduko lehendakaria, Javier Arakama Urtiaga, Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuko zuzendari kudeatzailea, Aitor Aldasoro Iturbe, Eusko Jaurlaritzako hizkuntza politikarako sailburuordeak David Aire, Euskararen Erakunde Publikoko mugaz gaindiko harremanen arduraduna eta Jon Kobeaga Erkiaga, Euskaraldiko koordinazio orokorreko kidea izan dira gaurko agerraldian. Azaldu dutenez, “inoizko herri gehienek antolatu dute laugarren edizio honetako Euskaraldia”, guztira, 450 herrik.
“Esfortzu handia egin da mugimendua sortzen, herriz herri lanketa egiten. Euskaraldiko lantaldearen egiteko garrantzitsua izan da tokiz toki sortzen diren batzorde horiek hauspotzea, informazioa ematea eta aholkularitza eta laguntza eskaintzea. Horretarako, ehunka bilera egin dira batzordekideekin, ederra izan da Euskal Herriko txoko ezberdinak Euskaraldiarekin loratu direla ikustea, ederra tokian-toki sortu den mugimenduaren berri izan eta bidelagun izatea”, adierazi dute Euskaraldiako antolatzaileek ohar bidez.
Era berean, nabarmendu dute aurtengo edizioan entitateen gorakada izan dela. “Laugarren edizio honek erakutsi du, beste behin ere, mota guztietako entitateek euskararen erabileran jauzi bat eman nahi dutela eta hori ahalbidetzeko urratsak emateko prest daudela”. Laugarren edizio honetan, 7.500 entitatetik gora parte hartu dute, aurreko urteetako izen-emate kopurua gaindituz.
“Esfortzu handia egin da mugimendua sortzen, herriz herri lanketa egiten. Euskaraldiko lantaldearen egiteko garrantzitsua izan da tokiz toki sortzen diren batzorde horiek hauspotzea, informazioa ematea eta aholkularitza eta laguntza eskaintzea"
Belarriprest eta Ahobizi kopuruari dagokionez, 135.000 izen-emate zenbatu dituzte, baina gehiago izango direla azaldu dute, zenbaketa ez baitute bukatu. Dena den, nabarmendu dute jakitun direla jende askok izena eman gabe parte hartu duela ariketan.
Horren harira, lehen balorazio honetan ere zera azpimarratu nahi izan dute: nahi baino txapa gutxiago ikusi dituztela kalean, eta hori aztertu beharrekoa dela.