Bilboko portuak 34,4 tona mugitu zituen iaz, aurreko urtean baino 1,6 tona gehiago. Hazkundea nahiko nabarmena izan da (%5) kontuan hartuta gainerako portuen hazkundearen batez bestekoa %2,7 izan dela. Ontziratu gabeko salgai likidoek milioi bat tona inguruko hazkundea izan dute (%4,5). Halaber, gehien hazi diren salgaiak produktu kimikoak, gasolioa eta petrolio gordina dira. Gas naturala, aldiz, %19 jaitsi da.
Ontziratu gabeko salgai solidoak %10 handitu dira, batez ere mineral ez-metalikoengatik eta produktu kimikoengatik. Salgai orokorra %4 handitu da, baina kontainerrek ez dituzte aurreikuspenak bete eta %2,5 jaitsi dira. Bilboko Portuko Agintaritzaren (BPA) arabera, hiru arrazoi izan dira jaitsiera horren atzean: “nazioarteko egoera EBn eta Erresuma Batuan; Atlantikoko eta Mediterraneoko portuetako beste kate logistiko alternatibo batzuen hazkundea; eta gure eragin-eremutik Europara doan zuzeneko kamioia delako oraindik ere garraiobide nagusia”.
Esportazioei dagokienez, Erresuma Batua, Belgika, Herbehereak, Frantzia eta Estatu Batuak izan dira helmuga nagusienak. Aipatzeko da Guyana izan dela gehien hazi den herrialdea, 945.000 tona mugituz.
Negozio-zifra handitzen
Portuko lurzoruaren okupazio-maila %92koa izan da; %97koa litzateke 2025erako konprometitutako azalera ere kontuan hartuz gero. Azalera handitzeko asmoz, BPAk 55,14 milioi inbertitu ditu kai mutur nagusiaren bigarren fasean. Lanak iazko azken hiruhilekoan hasi ziren eta 2027an amaituko dira.
Portuko jarduera guztiko negozio-zifra 76,7 milioi eurokoa izan da, 2023an baino %11,6 gehiago. Halaber, guztira, 32,1 milioi euroko inbertsioa egin da, eta aurten 70,29 milioi eurokoa egitea aurreikusten da. Era berean, ezin da ahaztu portuak 35,6 milioi euroko zorra duela Europako Inbertsio Bankuarekin.
Portuak 2023-2026 urtetarako ezarritako plan estrategikoarekin aurrera jarraitzen duela ere berretsi du gaur. Ricardo Barkala BPAko presidenteak azaldu du estrategia espero bezala doala, eta “aurrerapen garrantzitsuak” egiten ari direla hainbat ekintza-lerroetan, batez ere ingurumen-jasangarritasunean eta jasangarritasun ekonomiko-finantzarioan, baita pertsonetan, ezagutzan eta talentuan ere.