• EKONOMIA
  • 782,3 milioi euroko eskaria sortu du Guggenheim Museoak 2025ean

782,3 milioi euroko eskaria sortu du Guggenheim Museoak 2025ean

2024an baino 3.660 gehiago jaso ditu 2025ean museoak, eta 14.319 enplegu mantentzen lagundu du

Argazkia: Guggenheim Museoa
Argazkia: Guggenheim Museoa
2026eko urtarrilaren 2a - 12:28

1.305.003 bisitari izan ditu Guggenheim museoak 2025ean, 2024an baino 3.660 gehiago. Maiatza, ekaina eta uztaila inoizko hilabeterik onenak izan dira, eta horri esker aurtengo uda Museoaren historiako bigarren udarik onena izan da, 2023. urtekoaren atzetik. Museoak ohar bidez adierazi du Miren Arzalluz zuzendari nagusi berriaren zuzendaritzapean ekindako bidea “ezin hobeto” hasi dela.

 

Jatorri geografikoa kontuan hartuta, atzerritarren ehunekoa handitu egin da aurreko urtearen aldean ), batez ere Espainiatik (%21), Frantziatik (%15), Alemaniatik (%9), Britainia Handitik (%9), Estatu Batuetatik (%6) eta Italiatik (% 5) etorri dira bisitariak.

Museoaren jardueraren ondorioz EAEn sortutako eskaria 782,3 milioi eurokoa izan da guztira, eta Barne Produktu Gordinari egindako ekarpena 676,7 milioi eurokoa izan da. Kopuru horiek 106,1 milioi euroko diru-sarrera gehigarriak ekarri dizkie EAEko Ogasunari. Halaber, museoaren jardunak 14.319 enplegu mantentzen lagundu du.

 

Museoak publikoarentzat izan duen interes-gune nagusia programazio artistikoa izan da. otsaila eta ekaina bitartean 354.872 pertsonak bisitatu dute Tarsila do Amaral erakusketa; eta otsaila eta maiatza bitartea ikusgai egondako Budapesteko paper gaineko maisulanak erakusketa, berriz, 340.043 pertsonak bisitatu dute.

Eremu digitalean, guggenheim-bilbao.eus webguneak guztira 2.722.205 bisita eta 10.341.267 orrialde-ikustaldi izan ditu 2025ean. Sare sozialetan, berriz, museoak bere komunitatea eta eragina handitzen jarraitu du: 899.546 jarraitzaile ditu Instagramen, 339.065 X sarean  eta 394.558 Facebooken.

Hezkuntza-programei dagokienez, 2025ean 81.220 pertsonak parte hartu dute Guggenheimek eskainitako aurrez aurreko eta online jardueretan, eta 1.221.366 izan dira programazio artistikoaren osagarri diren gune didaktikoak erabili dituztenak.