
Zientzia eta teknologia arloan egiten du lan gehiengoak Donostian. Hala azaldu du Donostiako Udalak gaur aurkeztu duen 2022ko Barometroak. Zehazki, 29.450 pertsonak egiten dute lan arlo horietan, hiriko enplegu guztiaren heren bat, eta BPGaren %43 da. Hala, sortu berri diren enpresen %40 zientzia eta teknologia sektorekoak dira, hala nola, hezkuntza eta osasun zerbitzuak, zientzia eta teknologia zentroak eta aholkularitza enpresak.
Txostenaren arabera, hazkundea sektorean egindako inbertsioaren ondorio izan da, 2022an, I+G+b arloan 277 milioi euroko inbertsioa egin baitzen, %46,7 sektore publikotik eta %37,6 erakunde pribatuetatik. Halaber, sektorean lanean ari diren pertsonen gehiengoa gizonezkoak dira (%53,5).
Marisol Garmendia, Donostiako udaleko Ekonomiako eta Enplegurako zinegotziaren arabera, “Donostiarako garrantzitsua da hiria zientziaren eta teknologiaren arloan erreferente gisa indartzea, sektoreak inbertsio handiak jasotzen dituelako, kalitatezko enpleguak sortzeko gaitasuna duelako eta hiriko ekonomia dinamizatzeko gai delako”.
Bestalde, Donostian 82.571 landun zenbatu ditu Barometroak, horietatik 42.127 gizonezkoak eta 40.444 emakumezkoak, eta langabezia tasa %7,9koa da. Garmendiaren hitzetan, 2021arekin alderatuta 3.000 enplegu sortu dira, eta pandemia aurreko zenbakiak gainditu ditu Donostiak.
Era berean, biztanleko BPGa 44.092 eurokoa da, eta hirikoa guztira 8.322 milioi eurokoa, 2021eko baino %8,1 handiagoa. Halaber, guztira 15.875 enpresa daude hirian, eta 96.593 pertsona horietan lanean. Enpresa gehienak bi langile edo gutxiagokoak dira (%73) .
Zerbitzuen sektorea da garrantzitsuena, 87.648 lanpostu sortzen baititu, eta guztiko BPGaren %87,8 da. Zientzia eta teknologiaz gain, merkataritza eta ostalaritza arloak dira pisu handiena dutenak, denera 8.573 eta 7.991 pertsona ari baitira bertan lanean, hurrenez hurren.