90 hizlari aditu eta 84 enpresa bilduko ditu World Maritime Weekek

Lehen aldiz World Maritime Week sariak emango dituzte, ontzigintza industriari, arrantzari, portuei eta itsas-energiari loturikoak

Xabier Basañez BECeko zuzendari nagusia, World Maritime Weekeko aurkezpenean | Argazkia: BEC Xabier Basañez BECeko zuzendari nagusia, World Maritime Weekeko aurkezpenean | Argazkia: BEC

Astebete baino gutxiago geratzen da World Maritime Week itsasoko industriaren topagunea has dadin. Martxoaren 21etik 23ra egingo da laugarren edizioa, BEC Bilbao Exhibition Centerren, eta Bilboko Itsas Museoan aurkeztu dute gaur. BECek antolatu du, Euskal Herriko Itsas Foroaren, Eusko Jaurlaritza eta haren peko SPRI eta EEEren, eta Uniport Euskadiko portu-logistikako klusterraren babesarekin. Xabier Basañez BECeko zuzendari nagusiaren hitzetan, "industriaren azken jarduerak erakusteko, eta jarduera nitxo berriak eskuratzeko garrantzia berezia du" topaketak, batez ere kontuan izanda "sektore globalizatu eta aldakorraz" ari garela.

Jarduera kongresuala, alegia, hitzaldi eta mahai-inguruak, eta erakusketa eremua uztartuko ditu foroak. Azken horretan 84 enpresak izango dute erakustokia ekonomia urdinari, teknologiari eta zerbitzuei loturikoak. Arrate Tellaetxe BECeko Negozio Unitateko Zuzendariak plazaratu duenez, Kroazia, Frantzia Errumania edo AEBetako proiektuak ikusi ahalko dira bertan. Konferentzietan, aldiz, 90 adituk parte hartuko dute. Era berean, negozio egiteko esparrua ere eskainiko du, networkingerako eta B2B programarako eremuaren bitartez.

Kongresuko berrikuntza nagusia, ordea, World Maritime Week sariak izango dira. Martxoaren 22an banatuko dira, 18:15ean eta antolatuko den lerro bakoitzeko sari bana emango da, Sinaval ontzigintzari loturiko saria, Eurofishing arrantzari buruzkoa, Futureport portuen esparrukoa eta Ocean Energy itsas-energiari loturikoa. Tellaetxek argitu duenez, berrikuntza, jasangarritasun edo berdintasun irizpideak hartuko dira kontuan sari horiek ematerako garaian.

Ontzigintzatik energiara

Arestian aipatu bezala, World Maritime Weekek lau lerro izango ditu. Batetik, azoka abiarazi zuen Sinaval, ontzigintza-industriari buruzkoa. Sarai Blanc Euskal Herriko Itsas Foroaren zuzendari nagusiak azaldu duenez, horrek hizpide izango ditu, besteak beste, itsas-industriaren lehiakortasuna eta erresilientzia, deskarbonizazioa eta digitalizazioa. Blancek partekatu duenez, 2022an ziurgabetasuna nagusitu izanagatik ere, emaitza onak izan ditu euskal itsasgintza sektoreak. 2021ean %18ko hazkundea izan zuen, 3.300 milioi euroko fakturazioa gaindituta. Horren isla izan da kontratazioa, 13.7000 zuzeneko enplegu sortu baititu. Egun, euskal ontziolek 14 itsasontzi dituzte eskaera zerrendan, horietako %80 atzerriko armadoreentzat. "Halako testuinguru positibo baten, World Maritime Weekek ahalbidetuko die euskal enpresei euren gaitasunak erakustea". 

Bestetik, Eurofishing ere izango da, arrantzari buruzkoa. Bi zutabe izango ditu, Leandro Azcue Eusko Jaurlaritzako Arrantza eta Nekazaritzako zuzendariak adierazitakoaren arabera: lehena, itsas-espazioaren planifikazioa (PEM), lan tradizional eta emergenteen arteko uztartzea bilatzeko, duela pare bat aste onarturiko itsas espazioaren ordenazio berriaren gaiarekin guztiz bat datorrena; bigarrena, atunontzi izozkailuen jardunaldia, Tsimanaoraty Paubert Mahatante Madagaskarreko Arrantza ministroarekin eta Julianne Sheriffa Morel Seychelleetako arrantza ministeriko zuzendariarekin.

Sinaval, Eurofishing, Futureport eta Oceans Energy Conference dira topaketaren lau lerroak

Horiez gain, Futureport portuei buruzko kongresua 22an eta 23an egingo da. Azpiegitura adimenduetan eta portuek energia hub gisa duten indarra izango ditu hizpide Inmaculada Ugarteche Uniporteko zuzendariak esan duenez. Etorkizuneko gakoez hitz egitean, jasangarritasun klimatikoak, baina baita sozialak eta ekonomikoak ere duten garrantziaz hausnartzeko espazioa eskaini nahi du, hain zuzen.

Azkenik, Ocean Energy Conference, Javier Marques Energiaren Euskal Erakundeko zuzendari teknikoak aurkezturikoa, itsas-energia berriztagarrien adituak bilduko ditu, eta horri loturiko proiektuak ere aurkeztuko ditu. Marquesek nabarmendu nahi izan du itsas-plangintzako ordenantza berriak eskaini ditzakeen aukerak. Izan ere, horren arabera EAEn 100km2ko espazioa dago probak egin eta I+Gko proiektuak garatzeko. 

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK