9.200 gaztek baino gehiagok jasotzen dute alokairua ordaintzeko Jaurlaritzaren laguntza

Etxebiden etxebizitza eskatzaile gisa izen-emanda dauden hirutik bi gaztek, alokairuko etxea eskatzen dute

Donostia da etxebizitza garestienak dituen euskal hiriburua | Argazkia: iStock Donostia da etxebizitza garestienak dituen euskal hiriburua | Argazkia: iStock

Eusko Jaurlaritzak eskainitako datuen arabera, urtero 9.200 gazte baino gehiagok Etxebizitza Sailak eskaintzen dituen laguntzak erabiltzen dituzte alokairua ordaintzeko.

Datuak Etxebizitzaren Euskal Behatokiak landutako ‘Biztanleria gaztea eta etxebizitza 2022’ txostenak jasotzen ditu, eta 18 eta 35 urte bitarteko pertsonen egungo egoera eta Erkidegoko emantzipazio-tasa berantiarren atzean dauden arrazoiak aztertzen ditu.

Iñaki Arriolak zuzentzen duen Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak, gazteek etxebizitza bat eskuratzeko dituzten zailtasun erantsiez jabetuta, adin tarte horretarako arreta espezifikoko programak eta neurriak jarri ditu abian azken urteotan.

Alde batetik, Eusko Jaurlaritzak bultzatutako alokairu-sustapenetan lehentasunezko %40ko sarrera-kupoa dute gazteek, eta bestetik, kolektibo honek lehentasuna du zuzkidura-bizitokietan, emantzipazio-premiei erantzuteko etxebizitza mota egokia, alegia.

2019an Gaztelagun programa ere sortu zen, gazteen emantzipazioa bultzatzeko, alokairua ordaintzeko zuzeneko laguntza ekonomikoen bidez. 3.777 gaztek dute gaur egun laguntza emana, eta hilero jasotzen dute 36 urte bete arte gordetzen den prestazioa, baldintza berberetan jarraitzen badute. Ia 6.000 gaztek (5.914) baliatu dituzte uneren batean programako laguntzak.

5.060 gazte, berriz, Etxebizitzako Gastuetarako Prestazio Osagarria eta 112 Etxebizitzako Prestazio Ekonomikoa jasotzen ari dira, eta beste 350 pertsona ASAP eta Bizigune etxebizitza hutsak mobilizatzeko programen onuradun dira.

Etxebiden, adin-tarte horretako 30.798 pertsona daude erregistratuta etxebizitza-eskatzaile gisa, eta hirutik bik eskatzen dute alokairuko etxe bat. Txostenak erakusten duenez, lan-baldintza okerragoak izan arren, emakumeek gizonek baino emantzipazio-tasa handiagoak dituzte, %38,1, eta gizonen kasuan, berriz, %27,7koa da datu hori. Bi tasa horiek, 18 eta 34 urte bitartekoen artean, 2010etik izandako txikienak dira.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK