
2024an 95,2 milioi euro berreskuratu ditu Arabako Foru Ogasunak, zerga iruzurrari aurre eginda. Zehazki, ikuskaritza zerbitzuei esker errekuperatu dira 77,2 milioi euro, iaz baino %1 gehiago, eta gainerako 18 milioiak, ordea, zergen kudeaketari esker.
Are zehatzago begiratuta, zergen kudeaketan iaz baino gutxiago berreskuratu dela ikus daiteke, 2023an 20,8 milioi euro jaso baitziren. PFEZetik, iaz baino 0,6 milioi gutxiago berreskuratu ziren, orotara 5,8 milioi jaso baitira aurten. BEZari dagokionez 5,1 milioi lortu dira, iazkoaren pareko.
Ikuskaritza zerbitzuekin berreskuratutako diru kopurua, kontrara, iaz baino handiagoa izan da: PFEZen %71 gehiago bildu da iaz baino, “5,5 milioi euroko aurkikuntza egon baita”; BEZaren eta sozietateen kontzeptuetan, hurrenez hurren, 11,8 milioi eta 11,1 milioi antzeman dira.
Itziar Gonzalo foru ogasun diputatuak iruzurrari aurre egiteko planari buruzko hainbat xehetasun azaldu ditu. Neurri gehienak zergadunen egoera fiskala erregulatzera bideratuta daude, eta horretarako informazioa lortzeko jarduketak, iruzurra egitea eragozteko prebentzio ekintzak eta erregularizatzea eta kobratzea helburu duten esku hartzeak egingo dira.
Kriptotxanponei dagokienez, zergadunek informazio aitorpen berriak behar bezala aurkeztu dituztela egiaztatzeko jarduketak proposatu ditu aldundiak.