• EKONOMIA
  • Abeltzaintza ustiategien bazka behar bereziak identifikatu ditu Eusko Jaurlaritzak

Abeltzaintza ustiategien bazka behar bereziak identifikatu ditu Eusko Jaurlaritzak

Gaiari buruzko inkestan antzemandako informazioa da, eta gaia jorratzeko irailerako deitu dute Bazka Mahaia. ENBAk, ENHEk eta UAGAk "harridura" helarazi dute, "prentsaren bitartez" izan dutelako "bileraren atzerapenaren" berri

Argazkia: Europa Press
Argazkia: Europa Press
2026ko abuztuaren 20a - 10:38
Eg. 2026ko abuztuaren 20a - 16:58

Bi aste igaro dira Eusko Jaurlaritzak iragarri zuenetik inkesta bat abiatuko zuela jakiteko zein bazka behar berezi zituzten EAEko abeltzainek kanpaina honetarako. Bazka Mahaian adostu zen inkesta martxan jartzea, eta galdetegiko emaitzak jaso ostean, erosketa bateratua egitea.

 

Gaur jakinarazi dutenez, 435 abeltzaintza ustiategik parte hartu dute inkestan. Gipuzkoatik 177k, Bizkaitik 160k eta Arabatik 86 ustiategik erantzun dute; ekoizpen motaren arabera sailkatuta, %43 haragitarako behi azienden ustiategiak izan dira, %18 abeltzaintza mistokoak, %15 esnetarako behi aziendenak, %13 ardi eta ahuntz aziendenak, eta gainerako %12a zaldi azienden ustiategiak. 

Inkesta betetzean, bakoitzak bere behar espezifikoak zehaztu ditu: bazka eta lehengai batzuen aparteko beharrak, beharrezko produktuak, baita hornidura formatua ere (fardo handiak, txikiak, zatituak edota solteak). Orain, Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailak informazio guzti hori landu beharko du hurrengo Bazka Mahaian –iraileko lehen astean deituko da–, mahaia osatzen duten beste eragileekin batera ekiteko hornidura beharren negoziazioari. 

 

Hala, Jaurlaritza operadoreekin, kooperatibekin eta fabrikatzaileekin harremanetan jarri beharko da, eta toki bakoitzean eskatutako produktu eta formatuak banatu beharko ditu. Tokiko ekoizpena lehenestea ere izango da helburu. Amaia Barredo Nekazaritza sailburua baikor agertu da inkestaren emaitzekin: "Sektoreak erantzun egin du, eta orain askoz ere argazki zehatzagoa dugu gure ustiategien aparteko beharrei buruz".

Lehen sektoreko elkarteen harridura

Bazka Mahaiaren deialdia irailerako utzi izanak, baina, "harrituta" utzi ditu nekazariak. ENBA, ENHE eta UAGA elkarteek —mahaiean parte hartzen duten erakundeak— ohar bitartez salatu dutenez,  sektorearekin "inolako komunikaziorik egin gabe" jarri da data, eta "prentsaren bidez" izan dute haren berri. "Gure ganaduak ez du ulertzen abuztuko oporrez eta bizi dugun egoera larria arintzeko berehalako neurriak ezartzea beharrezkoa dela uste dugu". 

Gauzak hala, Bazka Mahaia "lehenbailehen" deitu dezan eskatu diote Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailari "lehorte historikoak" utzitako egoerari erantzuna emateko. Gainera, "Euskadi lehorte eremua" izendatzea ere exijitu diote, eta gehien kaltetutako eremuetara ura irits dadin moduak bilatuko dituen erakunde mahaia artikulatzea. Horretarako, gakotzat jo dute baserrietako eta mendietako uraren egoeraren jarraipena egitea. Gainera, Foru Aldundiekin koordinazioan, legezko mekanismoak behar direla uste dute mendi komunaletan animaliak elikatu ahal izateko.

"Epe ertainean agertokiak planteatzea oso beharrezkoa dela uste dugu, gero eta ohikoagoak direlako, baina bizitzen ari garen unearen larritasunaren perspektiba ez dugu bistatik galdu behar", amaitu dute.

Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan  

Egon zaitez azken berriekin informatuta  

 
Aktibatu orain