• EKONOMIA
  • Aberastasun naturalak pobreziaren eragile nagusiak direnean: kobaltoa

Aberastasun naturalak pobreziaren eragile nagusiak direnean: kobaltoa

Kongoko Errepublika Demokratikoak kobaltoaren esportazioak gelditu zituen otsailaren 22an, 4 hilabetez, gehiegizko eskaintza zela eta prezioak nabarmen jaitsi baitziren. Neurriak merkatuko eskaintza orekatzea bilatzen du

Argazkia: iStock
Argazkia: iStock
izaro navas
Ekonomialaria
2025eko apirilaren 20a

Kobaltoaren ekoizpenak nabarmen egin du gora azken urteetan, CMOC talde txinatarrak herrialdeko bi meategi handitan ekoizpena handitu baitu. CMOCek, %40ko merkatu kuota duen munduko kobalto ekoizle handienak, metalaren ekoizpena bikoiztu zuen iaz: 56.000 tona inguru izatetik 114.000 tona izatera pasa zen. Horren ondorioz, eskaintzak eskaria gainditu eta, eta prezioek behera egin dute. Metalaren erreferentzia-prezioek behera egin dute libera (lb) hamar dolarren azpitik jarriz. Duela 21 urtetik ez zen maila horretara iristen. 

 

Nazioarteko beste fabrikatzaile batzuk ere saiatu dira Kongoko kobaltoaz hornitzen azken urteetan; adibidez, Txinako CATLk Kongon 2021ean jarduten duen Jinchuan Group International Resources meatze-enpresan parte hartu nahi zuen. Berrikiago, Northvolt enpresak bat egin zuen 2024an kobaltoa erauzteko ekimen batekin, eta Kongoko meatzaritza txikian kobaltoaren bidezko erauzketa sustatzeko konpromisoa hartu zuen. 2022an, Kongoko Estatua bera gehiago inplikatu zen, Zambiarekin batera pilen hornidura kate bat jaurtiz.

Kongon kobaltoaren ekoizpenak nabarmen egin du gora azken urteetan, CMOC talde txinatarrak herrialdeko bi meategi handitan ekoizpena handitu baitu

Kongoko Errepublika Demokratikoa baliabide naturaletan izugarri aberatsa den nazioa da, baina, hala ere, erronka handiei egin behar die aurre bere biztanleei oinarrizko zerbitzuak bermatzeko. Herrialdea etengabeko guda batean murgildurik dago haren baliabide naturalen aberastasuna dela eta.

 

Zer da, baina, kobaltoa?

Teknologiak gero eta garrantzia handiagoa du, eta hortaz, gailu elektronikoek (smartphoneak, tabletak, ordenagailuak…). Horiek egiteko erabiltzen diren materialak kobaltoa, litioa eta tantalioa dira, besteak beste. 

Kobaltoa mundu osoan aurki daitekeen arren, lurrazalean aurkitzea nahiko zaila da. Izan ere, kobaltoa lurrazalaren pisuaren % 0,0029 baino ez da. Kantitate txikietan aurki daiteke arroka, lurzoru, ur, landare eta animalia gehienetan. Kongoko Errepublika Demokratikoa da, ordea, kobalto erreserba handienak dituen herrialdea, baita mundu mailako kobalto ekoizle handiena ere. Munduko kobaltoaren %70 baino gehiago dator herrialdeko meategietatik eta materialaren %15-30 artisau-meategietatik ateratzen da. 2022 urtean mundu mailako kobalto erreserbak 8.300.000 tonakoak izan ziren, 2021ean baino %9 gehiago. Aldi berean, koltan —munduko erreserben %60-80—, kobre eta nikel erreserba handienak ditu, baita urre erreserba nabaria ere. 

Kobaltoa mundu osoan aurki daitekeen arren, lurrazalean aurkitzea nahiko zaila da

Kobaltoa egun metal garrantzitsuenetako bat da teknologiaren industrian. Koltanarekin batera gailu elektronikoak egiteko mineral erabilienetako bat da. Horrexegatik, sektore teknologikoan dauden enpresa askok begiz jota dituzte behar-beharrezkoak diren mineral horiek dituzten erreserbak. Bateriei energia kantitate izugarria metatzen laguntzen die gailuen autonomia handituta. Tenperatura egonkor mantentzeko gaitasuna du tenperatura hotzetan eta kiskalgarrietan. Horri esker, oso erabilgarria bihurtu da aplikazio aeroespazial, defentsa-aplikazio eta erabilera mediko askotarako. Energia garbiko teknologia askoren funtsezko elementua da.

Metal horrek berebiziko garrantzia hartu du litio-ioizko baterien errendimenduan ere. Ohiko pilak ez bezala, litio-ioizko bateriak urteetan kargatu eta berrerabil daitezke, baina garestiagoak eta birziklatzen zailagoak dira ere. Pila horiek edozertarako balio dute, gailu eramangarriak elikatzetik hasi eta sare elektrikoetan energia metatzeraino. Baina garestia, toxikoa, eta erauzten eta prozesatzen zaila da.

Ondorio kaltegarriak osasunean

Kobaltoa gizaki eta animaliek eguneroko jarduerak egiteko beharrezkoa dugu kantitate txikietan. Hala nola, B12 bitaminaren osagaia izanda organismoari globulo gorriak sortzen laguntzen dio. Alabaina, arriskutsua ere izan daiteke. Metal horren kantitate kontzentratuekin kontaktuan egonez gero, intoxikazioa eman daiteke. Aipatutakoagatik, oso garrantztisua da kobaltoarekin lanean dauden pertsonek babes neurri egokiak hartzea, toxikoa baita.

Kobaltoaren sukarra deritzonak kontaezinak diren hildakoak eragiten ditu, eta baita inguruko uraren, lurraren eta airearen kutsadura ere. Gainera, Kongoko meategietan kobrea eta uranioa daude, azken hori agente kantzerigeno ezaguna. Meategiak bertakoen etxeetatik gertu badira ere, herritarrek osasun eta segurtasun neurriak ez dituzte hartzen. Ikerketa baten arabera, meategiak dauden auzoetan bizi diren haurrak 10 aldiz kobalto gehiago dute haien gernuan beste tokietan bizi diren haurrek baino.

Kobaltoaren sukarrak kontaezinak diren hildakoak eragiten ditu, eta baita inguruko uraren, lurraren eta airearen kutsadura ere

Meatzarien eta meategietatik gertu bizi diren komunitateen osasun kezka nagusietako bat hautsa da. Kobaltoak erauzketa prozesuan beste metal batzuk askatzen ditu, hala nola uranioa. Zientzialarien arabera esposizio horrek epe luzera osasun arazoak ekar ditzake, biriketako gaixotasunak kasu. Izan ere, uranioak radon gasa izeneko gasa ere askatzen du, eta meategietan radon mailak oso altuak dira. Gas hori kartzinogenoa da, eta biriketako minbizia eragin dezake. Gainera, kobaltoa arnasteak birikak, eztarri eta sudurra kaltetu ditzake; ahoarekin kontaktuan egoteak tiroideari eta odolari eragin diezaieke; azalarekin kontaktuan egoteak narritatzea eta kolorez aldatzea ekar dezake; eta, gorputzeko zelulak kaltetzen ditu. Kongon meategietan, ordea, langileek ez dituzte inolako segurtasun neurririk.

Herrialde asko energia berriztagarrietara bideratzen diren heinean, baterien eskariak gora egin du nabarmen. Are gehiago, ez da inoiz hain altua izan. Munduko Ekonomia Foroaren txostenaren arabera, aurreikusten da munduko kobalto-eskaria laukoiztu egingo dela hemendik 2030era, neurri handi batean ibilgailu elektrikoen erabileraren ondorioz. Aipatzekoa da Kongok kotxe elektrikoen baterietarako mundu mailako kobalto eskariaren hiru laurden inguru hornitzen du. Hala ere, horiek elikatzen dituen kobaltoak, beste teknologia batzuen artean, arazo humanitario larriak sortzen ditu Kongoko Errepublika Demokratikoan erauzten den lekuetan. 

Kongoko Errepublika Demokratikoaren guda

2025etik lurraldearen eta baliabideen kontrolagatik betiereko gatazkan murgilduta dagoen Kongoko Errepublika Demokratikoaren ekialdeko egoera nabarmen okertu da, armadaren eta hainbat hiri estrategikoren kontrola hartu duen Martxoak 23 Mugimendua (M23) talde matxinoaren arteko liskarren ondorioz. Horrek 600.000 pertsona baino gehiagoren barne desplazamendua eragin du eta biztanleria zibila egoera larrian jarri du.

Indarkeriatik ihesi doazen pertsonen joan-etorri handiek krisi humanitarioa, oinarrizko zerbitzuak eskuratzeko aukerarik eza eta emakumeen ahultasuna ezkutatzen dute. Azken horiek gerra-arma gisa erabiltzen dira, eta sexu-indarkeria maila handiei egin behar diete aurre.

2025etik lurraldearen eta baliabideen kontrolagatik betiereko gatazkan murgilduta dagoen Kongoko Errepublika Demokratikoaren ekialdeko egoera nabarmen okertu da

Haurtzaroaz gain, pobreziak eta gatazkak gehien kaltetutako kolektiboetako bat meategietan lan egiten duten emakumeak dira: lan baldintza prekarioen eta lan gogor eta gaizki ordainduen menpe daude. Prestakuntza egokirik ez dutenez, segurtasun fisiko eta ekonomiko falta etengabean bizi dira. Kongoko aberastasun mineralak, bere komunitatearen garapena bultzatu beharrean, indarkeria eta esplotazioa betikotu ditu.

Gatazkaren alderdi polemikoenetako bat da Ruanda (ondoko herrialdearen) ustezko inplikazioa. Kongok, Nazio Batuekin, Europar Batasunarekin eta Ameriketako Estatu Batuekin batera, Ruandako gobernuari leporatu dio M23 babesten duela, Kongoko lurraldean 2.000 eta 3.000 soldadu ruandar artean daudela adierazita. Ruandak ukatu egin ditu akusazio horiek, baina Nazio Batuen Erakundeak hori baieztatzen jarraitzen du eta nabarmendu du M23ak kontrolatutako eremuetan erauzitako mineral gehienak Ruandaren bidez esportatzen direla.

Meatzaritza Kongoren BPGaren %25 da, baina biztanleriaren %73 pobrezian bizi da

Ugaritasun horrek, ordea, gatazkak eta esplotazioa besterik ez du eragin. Meatzaritza Kongoren BPGaren %25 da, baina biztanleriaren %73 pobrezian bizi da, Munduko Bankuaren datuen arabera. Gainera, meatzaritzaren hedapenaren ondorioz, komunitate asko joanarazi dituzte, eta 25 milioi pertsona baino gehiago goseak jota daude.

Kobaltoaren alternatibak

Hainbat enpresa ospetsuk, Apple eta Tesla kasu, kobalto erabilera murrizteko edo ekoizle arduratsuagoez hornitzeko konpromisoa hartu dute. BMW auto ekoizleak Marokotik eta Australiatik datorren kobaltoz hornitzen ditu bere ibilgailu elektrikoak 2020tik.

Teslak batez besteko kobalto kontsumoa %60 baino gehiago murriztu du eta orain bere modelo berrietan kobaltorik gabeko bateriak erabiltzen ditu. Hala ere, ibilgailu elektrikoen fabrikatzaileak epe luzerako akordioa sinatu du Glencorerekin, munduko meatzaritza enpresa handienarekin, Kongoko Errepublika Demokratikotik datozen 6000 tona kobalto erosteko urtero. Beraz, Kongoko kobaltoak baliabide erabakigarria izaten jarraituko du bateria-ekoizleentzat.

Berriz karga daitezkeen gailu horiek birziklatzea irtenbide garrantzitsua izan liteke munduan dagoen mendekotasuna gutxitzeko

Berriz karga daitezkeen gailu horiek birziklatzea irtenbide garrantzitsua izan liteke munduan dagoen mendekotasuna gutxitzeko, eta, aldi berean, kontsumitzaileentzako kostua merkatzeko eta hondakin elektronikoen ingurumen-inpaktua murrizteko.

Bestelako alternatibak ere atera dira, Redwood Materials —JB Straubel Teslako teknologia zuzendari ohiak sortutako enpresa— kasu. Bateriak eta hondakin elektronikoak birziklatzen dituen enpresa da, eta kobaltoa bezalako materialak berreskuratzen espezializatuta dago. Enpresak erabilitako litio-ioizko bateriak jasotzen ditu, deskonposatu egiten ditu eta metalak erauzten ditu (kobaltoa, litioa, kobrea eta nikela), bateria berrietan berrerabiltzeko.