Hego Euskal Herrian, Katalunian, Aragoin eta Balear Uharteetan txertaketa kanpaina egingo dute mingain urdinaren birusa ez zabaltzeko. Aldi berean, ondorengo mugimenduak debekatu edo murriztea erabaki dute: larreko txahalen gizentzea, larreen arteko transhumantziak, eta ugaltzeko helmugak. Hortaz, abereak leku aldatzeko baldintza espezifikoak bete beharko dira, betiere txertaketa jaso badute. Hala eta guztiz ere, baldintza horiek aldakorrak direla azaldu du Eusko Jaurlaritzak, gaixotasunaren eta txertoen erabilgarritasunaren arabera.
Birusak ardi, ahuntz eta behiei eragiten die, baina ez pertsonei. Gaixotasun birikoa da, eta eltxoen bidez hedatzen da. Kutsakorra ez den arren, aberea ziztatua izanez gero hilgarria izatera irits daiteke. Animaliek zailtasuna edukitzen dute, bai arnasteko, baita ibiltzeko ere, eta burua zein mihia puztu ohi zaie.
Gaixotasunaren hedapena beheratzeko guneak bitan banatu dituzte: gaixotasuna antzeman duten guneak eta, printzipioz, gaixotasunik gabeko zonak direnak.