• EKONOMIA
  • Abuztuko KPIa: %2,5 Nafarroan eta %2,8 EAEn

Abuztuko KPIa: %2,5 Nafarroan eta %2,8 EAEn

Uztailaren aldean prezioak %0,3 txikitu dira Nafarroan. Euskal Autonomia Erkidegoan, ordea, %0,1 garestitu dira

Argazkia: iStock
Argazkia: iStock
2025eko irailaren 12a - 09:33

Abuztuko inflazioaren behin betiko datuak argitaratu ditu gaur INE Espainiako Estatistika Erakundeak. Ohikoa den moduan, urte artean gora egin dute prezioek Hego Euskal Herrian: %2,5 Nafarroan eta %2,8 EAEn. 2025eko lehen zortzi hilabeteak hartuz gero kontuan, Kontsumo Prezioen Indizea (KPI) %1,9koa izan da Nafarroan, eta %2,1ekoa EAEn.

 

Aurreko hilabetearekin alderatuta, aldiz, KPIa apaldu egin da Nafarroan, %0,3 puntutan. EAEn, aldiz, hamarren bat egin du gora inflazioak.

Kategorien arabera, joera ez da berbera izan foru erkidegoan eta EAEn: urte arteko prezioen gorakadarik handiena Edari alkoholdunak eta tabakoa alorrekoa izan da Nafarroan, zehazki, %5,9 garestitu baitira prezioak; EAEn Etxebizitza, ura, elektrizitatea, gasa eta beste erregai batzuk sektorearena izan da garestitze handiena: iaz baino %6,3 garestiagoak dira.

 

Kontrara, EAEren kasuan inflazioak gutxien eragin duen sektorea Jantziak eta oinetakoak alorrarena izan da, urte arteko %0,1eko gorakadarekin; Nafarroan urte artean prezioen hazkunderik txikiena pairatu duten sektoreak Komunikazioena eta Aisia eta kulturarena izan dira, %0,6ko hazkundearekin.