• EKONOMIA
  • Acedoko zinema: itzali ez den landa-zinema

Acedoko zinema: itzali ez den landa-zinema

130 biztanle eskaseko herrian, zinema areto bat aurki daiteke 1950az geroztik. Auzolanean eraikitako zinema ahanzturaren aurkako espazio bilakatu da

Acedoko zinemari buruzko dokumentala egin dute Sandra Urrak eta Iker Oizek | Argazkia: utzita
Acedoko zinemari buruzko dokumentala egin dute Sandra Urrak eta Iker Oizek | Argazkia: utzita
leire martinez
Kazetaria
2025eko irailaren 15a - 05:30

Nafarroako Berruezako ibar sakonean kokatzen da Acedo herria. Haran berde eta harrizko etxeen artean, ia ahantzitako harribitxi batekin eginen dugu topo, herriko zinemarekin. Nafarroako landa-zinemaren azken aztarnetako bat da. 1950. urtean inaguratu zen ofizialki eta gibelean, sortze lanetan garaiko herriko apaiza eta herriko biztanle taldetxoa aritu zen. Izan ere, Acedoko zinema auzolanean eraiki zen; arotzeria, eserlekuak, leihatila eta gainera, herriko emakume boluntarioek mantentzen zuten beti dena txukun eta prestu.

 

Acedoko zinemak lehengo esentzia mantendu du, eta, gainera, ordutik zinema jendearen topalekua izan da. Horregatik seguru aski erabaki zuten Iker Oizek eta Sandra Urrak espresuki inguruarekin eta landa eremuarekin lotura estua duten bi ikus entzunezko artistek Acedoko zinemaren dokumentala sortzea.

Dokumentala memoria erreskatatzeko

Mende laurdenez emanaldiak eskaini zituen zinema aretoa da dokumentalaren protagonista. Ia ordu bete irauten duen luzemetraia da bi artista nafarrek sortu dutena eta helburu gisa, zinema parrokiako memoria kolektiboa gordetzea izan da.

 

“Herritarren testigantza eta bizipenen bidez harilkatu dugu narrazioa, kamerak zinemaren jaiotzaren berreraikitzea egiten du. Gainera, aretoak zinemagintzarako eta antzerkirako izan zuen garrantzia gogoratzen dugu” dio Oizek sakelekotik irudiak erakusten dizkigun bitartean.

still 01
1950ean eraiki zuten herriko zinema | Argazkia: utzita

“Emakumeak zutabe izan dira historiaren narrazioan, beraiekin elkarrizketak egin ditugu eta galderak luzatzen saiatu gara emakume horiei pentsarazten eta ohartarazten izan duten paper garrantzitsua. Eta agian hori izan da ederrena” gehitu du Urrak. Nork garbitzen zuen aretoa, nork pipa azalak jaso, nork gauzak bildu eta txukundu? Argi dago guztiaren gibelean emakumeak izan zirela.

“Jarduera kulturalaren memoria berreskuratu nahi genuen, baina batez ere antzerkiarena”, diote Estenblo elkartekoek, luzemetraia bultzatu duen taldeak. “Ase bete gaitu erabat proiektu honek eta batez ere, behingoz arlo kulturalean ere emakumeek izan zuten protagonismoa ikusi dugu”.

Iker Oiz: “Jendeak armairu barrenak arakatu zituen, materiala digitalizatu zuen, oroitzapenak eskaini zizkigun… zinez biziki ederra izan da”

Argazkiak, Super 8an egindako pelikulak eta familiek grabatutako bideoak bildu zituzten. “Jendeak armairu barrenak arakatu zituen, materiala digitalizatu zuen, oroitzapenak eskaini zizkigun… zinez biziki ederra izan da” Oizek kontatu digu.

Elkarrizketak, tailerrak eta komunitatea izan dira zutabe

Filmaren sortzaileek hainbat tailer burutu zituzten zinema eta antzerkiari buruz, iazko urria eta azaroan. 28 bizilagunek parte hartu zuten, horietatik 25 emakumeak. Tailerretan zinematografia eta grabaketari buruzko oinarrizko zertzeladak eskaini zizkieten, baita eszenak eta planoak sortzen erakutsi ere. Hori guztia luzemetraian ikusgarri ageri da gainera.

Urrak eta Oizek Nafarroako filmotekako generoan adituak elkarrizketatu zituzten eta baita tokiko aktore emakumeak. Horien erranetan, “herriko emakumeak antzerkiaren garapenean gako eta protagonista izan dira”.

still 05
Auzolana giltzarri izan da zinema bizirik mantetzeko | Argazkia: utzita

“Sorreratik bere horretan mantendu den landa eremuko zinema bakarra da eta historiak badu oihartzuna desagerturiko hainbertze aretoren istorioan”, dokumentalaren sortzailearen hitzak dira aho batez.

Sandra Urra: "Lehenengo egunetik sentitu genuen dokumentala sortzeko prozesua oso berezia izanen zela, ez bakarrik espazio fisikoagatik, baizik eta komunitatearentzat emozionalki suposatu zuenagatik"

“Dokumentalak nostalgiatik eta arkeologia kulturaletik haratago egin du, izan ere, omenaldi gisako bat izan delako, jende umilak kulturari egin dion ekarpenagatik. Batez ere, emakumeak bultzatuta eta errekonozimendu gogo gabe herriari egindako lanagatik” gehitu du Oizek.

"Lehenengo egunetik sentitu genuen dokumentala sortzeko prozesua oso berezia izanen zela, ez bakarrik espazio fisikoagatik, baizik eta komunitatearentzat emozionalki suposatu zuenagatik", azaldu du Urrak.

Ahanzturari aurre egiten dion espazioa

"Harrigarriena da ez dutela tokia eraberritu, eraiki zenean bezala dago. Lehendabiziko aldiz bisitatu genuenean, eserleku hutsen isiltasunak hartu gintuen, bertze funtzio baten esperoan egonen balira bezala ", gogoratu du Urrak. "Herri aunitzek parrokia-zinema izan zuten, baina gutxik gorde zuten" gaineratu du Oizek.

Artxibo ofizialetan ez da garaiko emakumeen izenik, baina egiazki haiek garbitu zuten aretoa, obrak entseatu zituzten, mozorroak josi, herriaren kulturari eutsi zioten.

"Emakume batek erran zidan grabaketan ari ginela: "nik ez nekien kultura egiten genuenik". Erranaldi horrek markatu gintuen. Izan ere, horixe da: ondare komun baten protagonista ikusezinak izan dira", hausnartu du Oizek.

still 03
Argazkia: utzita

"Oso hunkigarria izan zen herriko etxeetan oroitzapenez betetako kutxak agertzen hasi zirenean. Objektu bakoitzean istorio bat zegoen kontatua izateko zain ", esan du Urrak. "Politena herria nola bulkatu zen ikustea izan da. Ez dira bereizi "filmaketa-taldea" eta "bizilagunak". Denok batera egin genuen pelikula", gehitu du Oizek.

Acedo ardatz duen arren, landa-zinemak fenomeno zabalago bati buruz ere hitz egiten du: landa-zinemak ixtea, komunitate-espazioak galtzea eta emakumeek herri-kulturan duten rola ahaztea. Zuzendarien hitzetan, istorio "txikia da geografiari dagokionez, baina, izugarria erranahiari dagokionez".
 
Acedo zinemari buruzko luzemetraia uda honetan aurkeztu zen Nafarroako herrian bertan, baitan Lizarran eta Nafarroako filmatekan ere. Hemendik aintzina emanaldi gehiago iragarriko dute. Balio beza, bertze herri batzuek beren espazioak bertze begi batzuekin ikusteko.