• EKONOMIA
  • Adegik bat egin du industriaren lehiakortasuna indartzeko Europako planarekin

Adegik bat egin du industriaren lehiakortasuna indartzeko Europako planarekin

Gipuzkoako patronalak bat egin du Europako ETEek burokrazia eta energia-kostuak murrizteko egin duten deiarekin

Argazkia: iStock
Argazkia: iStock
2025eko abenduaren 16a - 12:17

Adegik bat egin du Enpresa Txiki eta Ertainen Elkarteen Europako Kondeferazioak (CEA-PME) sustatuko planarekin. Konfederazio horretako kide da, eta planaren bitartez Europar Batasunari premiazko neurriak eskatzen zaizkio industriaren lehiakortasuna ziurtatzeko. Era beran, egungo erronka ekonomikoen aurrean estrategia komun bat planteatzen du.

 

ETEek eta kapitalizazio ertaineko enpresek Europako ekonomiaren susperraldian eta gizarte-kohesioan duten funtsezko zeregina azpimarratzen du testuak. Hala ere, barne-karga burokratikoa, Estatu Batuen merkataritza politikak eta Txinaren lehiakortasuna bezalako faktoreek eragiten duten presioaz ohartarazi dute.

Egoera horren aurrean, Europako erakundeek erantzun arinagoa eta koherenteagoa ematea eskatzen du planak. Lehentasunen artean, burokrazia eta energia-kostuak murrizteko beharra nabarmentzen da, baita enpresek inbertitzeko, enplegua mantentzeko eta Europan jarduten jarraitzeko duten gaitasuna babesteko beharra ere, euren buruak atzerriko kapitalari saldu beharrik izan gabe.

 

Zehazki, bost jarduera-ardatz proposatzen ditu estrategiak: epe luzeko lehiakortasuna bermatzea, araudia berrikustea eraginkorragoa eta teknologikoki neutralagoa izan dadin, industria-jarduerarekin bateragarria den energiaren prezioa ziurtatzea, politika publiko eta komertzialetan Europaren lehentasuna indartzea, eta ETEek pixkanaka garatzen duten berrikuntza babestea.

CEA-PMEren planteamenduaren arabera, enpresa horiek Europako ekoizpen-sarearen oinarria dira, eta “erabakigarriak” dira Europar Batasuneko “eredu ekonomiko eta sozialaren jasangarritasunerako”; hori dela eta, “erabaki irmoak eta azkarrak” eskatzen dituzte egoera global berrira egokitzeko.