• EKONOMIA
  • Gutxi hazi da (%1,6) eraikuntzaren sektorea Gipuzkoan

Gutxi hazi da (%1,6) eraikuntzaren sektorea Gipuzkoan

2024an sektoreko 6.159 enpresa zenbatu ziren, 2023an baino 190 gutxiago

Langileen kopurua 18.178 pertsonara jaitsi da | Argazkia: iStock
Langileen kopurua 18.178 pertsonara jaitsi da | Argazkia: iStock
2025eko ekainaren 17a - 10:31

Adegik dio Gipuzkoako eraikuntzaren sektorearen egoera 2024an ez dela positiboa izan, Ascongik argitaratutako txostena oinarri izanda. Sektorea %1,6 hazi da, Gipuzkoako gainerako sektoreen batez bestekoa baino gutxiago, eta BEG (Balio Erantsi Gordina) %5,3ra beheratu da. Lurraldeko enpleguen %6 biltzen ditu sektoreak.

 

Hala, orotara 18.178 pertsonara jaitsi da Gizarte Segurantzan afiliatutako enplegatuen kopurua, 2023an baino 280 langile gutxiagorekin (-%1,5). Enpresei dagokienez, Eustaten arabera 6.159 konpainia eta 6.414 denda daude Gipuzkoan eraikuntzaren sektorean lan egiten dutenak, alegia, 2023an baino 190 enpresa eta 173 denda gutxiago. Hala ere, denda eta negozio kopurua txikitu arren, handitu egin da denda bakoitzeko langile kopurua, 2017an 2,17 langile baitzeuden negozio bakoitzeko, eta 2024an, ordea, 2,7 langile. Gastuei erreparatuta, ikus daiteke hornikuntzara bideratzen dela gastuen gehiengoa (%60).

Lan-kostuen gastua ere %16 handitu da (41.667 euro) 2008az geroztik, are gehiago, soldatei dagokienez, Espainiako Estatuko lurraldeen aldean batez beste %24 handiagoak dira soldatak EAEko eraikuntzaren alorreko langileen kasuan, urtean 31.226 euro jasotzen baitituzte batez beste.

 

Aldi berean, 2024an igoera izan da eraikuntza proiektuak garatzeko lehiaketa publikoetan, 680 izan baitziren orotara, %23 handituta 2023ko zifra. Lizitatutako diru kopurua 749 milioi eurora iritsi da, aurreko urtean baino %16 gehiago. Jada esleitu dira obra guztien %71 (533,5 milioi euro), baina oraindik ere 200 milioi euro daude ebaluazio fasean.