
Industriaren geldialdia oztopatzen ari da Gipuzkoako ekonomiaren aurrerapena. Hori baieztatu du gaur Adegik, lurraldeko ekonomiaren egungo egoerari buruz egindako balorazioan. Azterketa “zorrotz” baten ostean egin du patronalak baieztapena: industria-jarduerak “dezelerazio argia” izan du, urtarriletik uztailera bitartean %0,3 murriztu baita industria produkzioaren indizea.
Geldialdia produkzioaz haratago doa, fakturazioak ere ez baitu aldaketarik izan (%0,0). Kontrara, eraikuntzan (%3,7) eta zerbitzuen sektorean (%2,2) hazkundea izan da, industriaren jardueran (-%1,8) ez bezala. Adegik gaineratu du jarduera murriztu izanak eragin zuzena dakarrela enpleguan, eta ohartarazi du Gizarte Segurantzako afiliazio-datuek ere hazkunde erritmoa moteltzen ari dela erakusten dutela 2024. urteaz geroztik.
“Industriako hamar enpresetatik lauk (%39,5) eskaera-maila ahula izaten jarraitzen dute”, jakinarazi dute prentsaurrekoan. Sektoreko enpresen %24k adierazi du salmentetan igoera izan dutela, baina gehiago izan dira (%31) salmentak jaitsi egin direla esan dutenak.
Etorkizunera begira ere datuak ez dira guztiz baikorrak: gehiago dira atzeraldia espero duten enpresak suspertzea espero dutenak baino. Ildo beretik, Isabel Busto Adegiko presidenteak fokua jarri du Alemanian: “Gure bezero nagusiak dira. Volkswagenek Alemaniako lantegiak ixten baditu –Txina hartzen ari den garrantziaren ondorioz– eragin zuzena izango du gure industria enpresetan”, azaldu du. “Europako helburuak gureak ere badira, neurri txikiago batean bada ere, eta, hortaz, industriaren lehiakortasuna bultzatu behar dugu AEBk eta Txinak hartutako tokia berreskuratzeko”, gaineratu du Bustok.
Kezka faktoreak eta BPGa
Enpresek hiru kezka azpimarratu dituzte: lan-kostu handiak eta soldata igoerak (enpresen %48,5ek aipatu dute, bost puntu gehiago apirilean baino), lan-absentismoa (%38,5) eta langile kualifikatuak lortzeko zailtasunak (%36). Aldiz, %33raino jaitsi da kezka nazioarteko ekonomiaren ahultasunari dagokionez.
Adegiren aurreikuspenen arabera, Barne Produktu Gordina (BPG) %2 inguruan kokatuko da aurten, iazko urteetako zifretatik urrun, “beheranzko joera argia” erakutsita. “Ezin gara fidatu”, esan dute, eta lehiakortasuna zein produktibitatea indartzearen beharra azpimarratu dute.