• EKONOMIA
  • Adimen Artifizial aseezinaren aurrean, Arkimedes eta Moore

Adimen Artifizial aseezinaren aurrean, Arkimedes eta Moore

Egungo azpiegiturak ezin dio AAren gaineko eskari guztiari erantzun, eta teknologia konpainiek adimen artifizialean inbertitzen segitzen dute. Noiz arte?

12.000 datu zentro daude munduan egun | Argazkia. iStock
12.000 datu zentro daude munduan egun | Argazkia. iStock
axier garate azpitarte
Finantza aholkularia. Bankoa-Abancako agentea
2025eko abenduaren 10a - 05:30

Zenbat diru erabiltzen ari dira Adimen Artifiziala (AA) eraikitzeko? AAeko azpiegituran gastatzeko makina ondo koipeztatua dago; baina eszeptizismoa gero eta handiagoa da azkenean ordainsaria noiz iritsi den jakiteko.

 

Enpresa horien akziodunek ordain dezakete gastu ikaragarri hau? Enpresak diru-fluxutik (cash-flowtik) finantzatu dezaketenaren mugetara heltzen ari dira AAaren eraikuntza ahalbidetzeko, eta ingeniaritza finantzarioa erabiltzen ari dira horri eusteko… baina mugak daude.

 

Badago arrazoirik hainbeste gastatzen jarraitzeko? Egungo azpiegitura ez dago AAren eskariari aurre egiteko nahikotasunetik hurbil. Beharko diren datu zentroen eskala neurtzea zaila da; neurtu daitekeena orain arteko bilakaera da. Mundu osoko 12.000 datu zentroetatik %5 inguru baino ez da gai azken belaunaldiko txipak erabiltzeko. Gainerakoa “hodeiaren” konputaziorako erabiltzen da. Hazkunde horrek galdatzen duen inbertsio eskala honetan ez dago aurrekaririk. Lau konpainien (Meta, Alphabet, MIcrosoft eta Nvidiaken) merkatu balioa batuta (14 bilioi dolar), Alemania, Japonia eta Indiako BPGen batura baino handiagoa da.

AAren azpiegitura hornitzaileak (datu-zentroen eraikitzaileak eta energia sortzaileak): ikaragarri ondo merkatuetan

Goldman konpainiako David Kostinek AArekin zerikusia duten akzioak hiru saskitan sailkatu ditu: AAerako azpiegiturak eraikitzen dituztenak (datu zentroak, batez ere); bigarrenik AAeko aplikazioetatik etekinak jasotzeko prest leudekeenak eta, azkenik, produktibitate arazoak eduki eta AAaren bitartez produktibitate hori hobetuko lituzketen enpresen akzioak. Hiruretatik azpiegitura eraikitzaileen taldekoak dira errendimenduak pilatzen ari direnak. Bigarren saskikoak, diru-sarrera potentzialen onuradunak, merkatuak orokorrean izan duen bilakaeraren parekoa izan dute. Hirugarren saskikoak, irabaziak lortzeko AAaren premia handiena dutenek, merkatuarekiko atzeratuta kotizatzen dute. Teknologia espero den bezala abiatuz gero, azken horiek frogatu ahal izango lukete euren balioa, baina momentuz hori ez da gertatu.

Mundu osoko 12.000 datu zentroetatik %5 inguru baino ez da gai azken belaunaldiko txipak erabiltzeko. Gainerakoa “hodeiaren” konputaziorako erabiltzen da

Burtsan AAeko teknologia ahalbidetzen dutenek sarituak izanaren arrazoi posibleen artean ondorengo hauek kokatu daitezke: promestutako errentagarritasuna nola, non eta noiz gauzatuko den jakin ezean, azpiegiturak probesten dituztenek abantaila dute; jokalari gutxi batzuen eskuetan kontzentratzen direla. AAerako trantsizioko beste eremu batzuetan (bigarren eta hirugarren saskikoak) lehia handiagoari aurre egin behar eta ez dira aparteko marjinak lortzen ari; kostuak dituzte lehiakorrak izan behar duten heinean. Sarituak izanaren beste arrazoi bat: AAren azken onuradunak teknologia hau ekoizten duten berberak izango direla txip enpresek eta hipereskalatzaileek (Amazon, Google, Meta eta Oraclek) AA zerbitzuak enpresei eta kontsumitzaileei eskaintzen dizkieten heinean.

Datu zentroak eraikitzen ari diren azpiegitura akzioei dagokienez, inbertsio handiak errendimendu erreal bihurtu beharko lituzkete, eta, hainbat kalkuluren arabera, bere kostua justifikatzeko negozioa ehun aldiz handitu beharko litzatekeela ondorioztatu dute.

Mooren Legea

1965.urteko Mooren Legearen arabera, bost urtero txip baten transistoreen kopurua bikoiztu egiten da; legeak zehazten duenean, kapital inbertsio ikaragarri horren zaharkitze azkarra emateko arriskua ere badago: datu-zentroek bost urteko epean berriz ere inbertsio handiak egin beharrarena...

Archimedesen printzipioa AAaren finantzaketan

Archimedesen printzipioaren arabera, jario batean murgildutako objektu baten gaineko indar gorakorrak mugitzen duen likidoaren pisu bera da. AAk behar dituen gastu gero eta handiagoak ekonomia galbanizatu dezake, baina beste sektoreek behar duten finantzaketaren lepotik. Datuen arabera, AAean ez den beste sektoreetan egindako kapital inbertsioa jaitsi egin da.

Arrazoizkoa da beldurra izatea eta pentsatzea mundua ez dela gai izango AAaren hazkundera egokitzeko. Elektrizitate eskariari begiratuz, hamarkadaren amaierarako eskaria gutxienez bikoiztu egingo dela kalkulatzen da. AEB beste guztiei gailentzen zaien arren, datu zentroen kontsumoetan fenomeno hori mundu mailakoa da. Era berean, horrek iradokitzen du AAren nagusitasunaren borrokan, herrialdeen elektrizitatea sortzeko gaitasunak zeresana emango duela, eta horretan Txinak beste abantaila bat izan lezake.

Nvidiaren kasua

Joan den hilabetean, merkatuetan apiriletik ikusten ez zen urduritasuna sumatu zen; nolabait, harrigarria izan zen Nvidiak aurkeztutako emaitzek frogatzea AAean burbuilarik ez zela, horrek mundu guztia lasaituko zuelakoan. Merkatuen aldakortasunak ostera badauka Nvidiarekin zerikusirik; bere balorazioei (altuei) eusteko bere produktuen eskaria gori-gori egon behar du, baina bere nagusitasuna, gaur egun zeharka ezina dirudien arren, ezin da betikotasunean hazi. Nvidiaren posizioa arriskuan egon daiteke hainbat arrazoirengatik, eta bat ere ez da baztertu behar. Lehenik eta behin, AAaren booma puztu den bezain azkar hoztu daiteke. Bigarrenik, Nvidiaren lehiakideren batek jauzi teknologikoa egin lezake eta haren lidergoa murriztu. Beharbada Nvidiaren bezeroa den enpresaren bat erdieroalekiko duen mendekotasunetik irten daiteke; arrisku hori hazi egiten da hipereskalatzaileek (Amazon, Google, Meta eta Oraclek) milaka miloi barne diseinura bideratzen dituzten heinean.

Nvidiaren posizioa arriskuan egon daiteke hainbat arrazoirengatik, eta bat ere ez da baztertu behar. Lehenik eta behin, AAaren booma puztu den bezain azkar hoztu daiteke

Zazpi Bikainen nagusitasunari buruzko kexa bat izan da beti elkarrekiko lehian dabiltzala, eta, hala ere, denak berdin irabaziko dutelakoan daude; borroka honetan batzuk galtzaile izatea, ordea, ezinbestekoa izango da. Adibidez, Google Gemini 3 AA modeloa garatzen ari da eta modelo hori trebatzeko bere TPU txipa erabiltzen du. Nvidiaren GPU txipak malguagoak dira, baina Googleren TPUak bereziki sortuak dira eskala handiko AAaren entrenamendu eraginkorretarako. Beste puntu garrantzitsu bat alde: Googleren TPUak merkeagoak dira eta potentzia gutxiago erabiltzen dute. Googlentzat aurrerapen bat da AAetik espero diren irabazien promesak egia bihurtzeko, eta inbertitzaileak horretaz konturatu dira.