• EKONOMIA
  • Adimen artifizialaren erabilera etikoa landu zen AppIAI Kongresuan

Adimen artifizialaren erabilera etikoa landu zen AppIAI Kongresuan

230 erakunde baino gehiagotako 500 pertsonek parte hartu zuten BAIC zentroak antolatutako ekitaldian

Euskalduna Bilbao Jauregian egin zen kongresua | Argazkia: Irekia
Euskalduna Bilbao Jauregian egin zen kongresua | Argazkia: Irekia
2025eko maiatzaren 15a
Eg. 2025eko maiatzaren 15a

Atzo egin zen Euskalduna Bilbao Jauregian Adimen Artifizialari (AA) buruzko AppIAI 2025 Kongresua. Basque Artificial Intelligence Center (BAIC) erakundeak antolatu zuen bigarren ediziora 500 bisitari eta 230 erakunde baino gehiago gerturatu ziren, eta prentsa oharrean azaldu dutenez, ekitaldian AAren euskal ekosistemaren sendotasuna nabarmendu zen. Lehen aldiz, ekitaldia online jarraitzeko aukera ere eskaini zen, AppIAI OnAir bideo-podcastaren bitartez zuzenean emititu baitziren elkarrizketak, eztabaidak eta eguneko berri garrantzitsuen laburpenak.

 

Egunean zehar, nazioarteko hogeita bost hizlarik baino gehiagok parte hartu zuten jardunaldian, zeinak AAri buruzko oinarrizko gaiak jorratu zituzten, besteak beste: etika eta araudia, kultura aldaketa, iraunkortasuna, azpiegitura teknologikoak…. Azpimarra berezia jarri zuten gobernuen, enpresen eta arlo akademikoen arteko lankidetzan; izan ere, baieztatu zuten jada “eragin nabarmena” izaten ari dela AA, bai produktuetan, bai zerbitzuetan, baita prozesuetan ere. Bi gauza horiek nabarmendu zituen, hain zuzen, Laura Marron BAICeko zuzendari nagusiak: “AppIAI kongresuak erakutsi du agente guztien arteko lankidetza funtsezkoa dela AA aplikatua, arduratsua eta partekatua lortzeko bidean aurrera egiteko”. Gainera, mahai-inguruentzako eta networking espazioentzako tartea ere izan zen Euskalduna Jauregian.

Arrate Jauregibeitia BAICeko Estrategia zuzendariak gaineratu zuen kongresua baliagarria izan zela, etorkizunean etorriko dena imajinatzeaz haratago, gaur egun gertatzen ari dena zer den eta inpaktu handiagoarekin nola egin ulertzeko.