
Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak (EBJA) ostegun honetan ebatzi duenez, aldi baterako kontratuak kateatzen dituzten langileek kontratu mugagabea izateko eskubidea dute. Administrazioko bitarteko langileen edo langile interinoen auzian langile horietako asko abusuzko egoeran daudela berretsi du auzitegiak, eta egoera konpontzeko aukeretako bat dela finko egitea. Administrazio publikoan aldi baterako gehiegikeriak prebenitzeko eta zigortzeko asmoa du ebazpenak, betiere ez badakar legearen aurkako interpretaziorik estatu bakoitzeko zuzenbide arauetan.
Halaber, Europako justiziak dio langile horiek funtzionario bihurtzen ez badira ere, Administrazioekin duten lan-harremanak mugagabea izan behar dutela eta diziplinazko arrazoiengatik bakarrik kendu ahal izango lirateke kargutik.
Epaian, EBJAk nabarmendu du bitarteko langileak langile mugagabe bihurtze horiek legezkoak izango liratekeela, baldin eta interinoak "karrerako funtzionarioentzat indarrean dauden kargugabetze eta kaleratze-arrazoi berberen mende egongo balira, karrerako funtzionario izatea lortu gabe".
Espainiako Auzitegi Gorenak iaz ebatzi zuen interinoak finko egiterik ez zegoela. Gorenaren arabera, funtzionario edo langile publiko finko izateko ezinbestekoa da lanpostu bat lortzea hautaketa prozesu batean. Luxenburgora jotzea erabaki zuen Gorenak, Espainiako araudia Europakoarekin bat datorren argitu zezan. Gaurko ebazpenean, EBJAk aurreratu du Espainiako justiziari dagokiola interpretatzea Espainiako legeria Europako zuzenbidearekin bat datorren.