• EKONOMIA
  • AEB eta Iranek bake memoranduma sinatu dute, ezustean, bart

AEB eta Iranek bake memoranduma sinatu dute, ezustean, bart

60 eguneko epean negoziatu beharko dituzte akordioak jasotzen dituen puntuak, tartean blokeoekin amaitu eta Ormuzko itsasartea zabaltzea

Trump, akordioa sinatzen, bart, Versailleseko jauregian | Argazkia: @Scavino47
Trump, akordioa sinatzen, bart, Versailleseko jauregian | Argazkia: @Scavino47
2026ko ekainaren 18a - 09:03
Eg. 2026ko ekainaren 18a - 09:15

Espero baino bi egun lehenago iritsi da Iranen eta AEBren arteko akordioaren sinadura. Bart egin zuten, elektronikoki, Donald Trumpek iragarri eta bitartekaritza lanetan ari den Pakistango lehen ministro Shehbaz Sharifek baieztatu bezala.

 

Izenpetzea jakinaraztearekin batera, memorandumaren nondik norakoak atera ditu argitara Etxe Zuriak. Funtsean Teheranek baiezkoa eman dio uranio aberastua entregatu, arma nuklearrak ez ekoitzi eta Ormuzko itsasartea zabaltzeari. AEBri dagokionez, Irani jarritako zigorrak kentzea onartu du, baita portuei ezarritako blokeoa ere. Era berean, herrialdea berreraikitzeko funtsa sortzea onartu du, 300.000 milioi dolarrekoa —258.000 milioi euro—. Hain zuzen ere, horiek guztiak izango dira negoziatuko diren lehen puntuak.

Hemendik aurrera, 60 egun izango dituzte gatazkaren inguruko negoziaketekin aurrera egiteko, eta behin betiko akordioa nahiz eta Trumpek dagoeneko adierazi "ez dela behin betikoa, elkar ulertzeko memoranduma baizik". Mehatxua ere mahai gainean jarri du: "Ez bazait ondo iruditzen, eta ez badira ondo portatzen, berriro bonbardatuko ditugu, eta burua txikituko diegu". Hain zuzen ere AEBko presidentearen hitz horiek merkatuen erreakzioan eragina izan dute, poztasuna baita nagusi, baina oraindik ziurgabetasuna ere. Asia-Pazifikoko MSCI indizea egonkor mantendu da, Japoniaren salbuespenarekin, zeinak %2 inguru egin duen gora. Txinako burtsan, aldiz, beherakadak ikusten ari dira, %1,7koak, adibidez, Hong Kongeko Hang Senen kasuan. AEBko etorkizuneko aktzioek zertxobait egin dute berriro gora, eta Europan, zuhurtzia da nagusi. Ibexak, adibidez, %0,1eko beherakada izan du gaurko eguna zabaltzerakoan.

 

Aipatzekoa da, akordioa iragarri zenetik, brent upelaren prezioa %8 inguru jaitsi dela, upel bakoitzeko 77 dolarretan kokatua (aurretik 83 euroren bueltan zen). Dena den, blokeoa tarteko, erreserbei loturiko presioak oso handia izaten jarraitzen du. 

Trumpen mehatxuez harago, 14 puntu dituen akordio horrek aurrera ez egitearen arrazoia beste bat izan daiteke, zehazki lehen puntua, zeinaren arabera, Washington eta Teheranek ez ezik, euren aliatuek ere berehala amaitu beharko dute gerra fronte guztietan, tartean Libanon. Aitzitik, momentuz, Israelek herrialdea bonbardatzen jarraitu du eta jarraitzen du. 

G7ko kideek zabaldutako ohar bateratuan, baina, ontzat jo dituzte akordioaren nondik norakoak, ez soilik Iranek arma nuklearrak izan ditzan ekiditeko "aurkera historikoagatik", baita Ormuz "murrizketarik eta bidesaririk gabe" igarotzeko paradagatik, "nazioarteko merkataritzaren oinarria" baita. Zentzu horretan, Frantziak eta Erresuma Batuak euren burua eskaini dute nabigazioa errazten laguntzeko.