• EKONOMIA
  • AEBetako petrolio konpainien akzioek gora egin dute azken egunetan

AEBetako petrolio konpainien akzioek gora egin dute azken egunetan

Trumpen gobernuak Venezuelari bonbaz eraso egin eta Maduro presidentea preso hartu ostean, inbertitzaileak konpainia estatubatuarretako akzioak erosten hasi dira

Argazkia: iStock
Argazkia: iStock
2026eko urtarrilaren 5a - 15:47

Amerikako Estatu Batuek larunbatean Venezuelari bonbaz eraso egin eta Nicolas Maduro presidentea AEBetara eraman ostean, herrialdeko petrolio konpainien kotizazioak nabarmen egin du gora burtsan azken egunotan. Trumpek eraso militarra gauzatu eta gutxira adierazi zuen Hego Amerikako herrialdeko petrolioa bereganatu nahi dutela, eta horiek ustiatzeaz arduratuko direla enpresa estatubatuarrak.

 

Ikusteke dago zer jazoko den hurrengo egunetan, baina inbertitzaileak hasi dira dagoeneko AEBetako petrolio konpainia handietako akzioak erosten. Kontuan hartu behar da Venezuelan aurkitzen direla mundu osoko petrolio gordineko erreserben %17, eta JPMorgan etxeko adituen arabera, erreserba horiek ustiatuz gero egunean 800.000 upel izatetik 1,3-1,4 milioi izatera pasa daiteke AEB bi urtetan. Hamar urtera, aldiz, JPMorganek uste du eguneko 2,5 milioi petrolio upel kudeatzeko aukera izango lukeela Washingtonek.

Chevron da orain Venezuelan jarduten duen AEBetako petrolio konpainia bakarra eta bere kotizazioa %6 igo da azken egunotan, hots, burtsa kapitalizazioa eginez gero 20.000 milioi dolarreko hazkundea izango luke. ConcoPhillips konpainiak ere %6ko hazkundea izan du. Exxonen azkioak, aldiz, Estatu Batuetako petrolio konpainia handienarenak %3 handitu dira.