“Aparta” izan omen da Xi Jinping eta Donald Trumpen arteko bilera, azken honen hitzetan. Hego Korean elkartu dira AEBeko eta Txinako buruzagiak, eta azken hilabeteetako merkataritza gerra baretzeko akordioa erdietsi dute. AEBek %20tik %10era murriztuko ditu Asiako herrialdeari ezarritako muga-zergak, eta horren trukean, Txinak lur arraroen gainean ezarritako murrizketak atzeratu egingo ditu, besteak beste.
Adostutako muga-zergen murrizketarekin, Txinako inportazioei ezarritako batezbestekoa %47koa da orain, beste bazkide komertzialei ezarritakoaren antzeko kopurua delarik. Akordioak urtebeteko iraupena izango du, baina gerora luzatzeko aukera izango da.
Trumpek azaldu du fentaniloaren aurkako borrokan Pekinen kolaborazioa gakoa izan dela adostasunera ailegatzeko. Bilera aurretik dagoeneko baikor azaldu da kameren aurrean, Xi Jinpingi eskua ematerakoan, adierazi baitu “bilera ona” izango zutela, nahiz eta Txinako presidentea “negoziatzaile gogorra” izan.
Hala, Estatu Batuetako presidenteak argitu du "berehala” murriztuko dituztela Estatu Batuetara bideratutako fentanilorako osagai kimikoen fluxuari aurre egiteko aldez aurretik aplikatu ziren ondasun txinatar guztien gaineko muga-zergak. Bestalde, Txinak Estatu Batuetako soja berriz erosten hasteko konpromisoa hartu du. AEBeko nekazariak bereziki kezkatuta ziren gai honekin.
Hego Koreako Busan hirian elkartu dira, eta ordu eta erdiko luzapena izan du bilerak. “Batetik hamarreko eskalan bilera hamabikoa izan da”, esan du Trumpek. Xi Jinping, aldiz, zuhurrago azaldu da, eta nabarmendu du normala dela munduko bi potentzia handienek tirabirak izatea.
Bi aldeek ere jakinarazi dute elkarlanean arituko direla Ukrainako gerrarekin amaitzeko saiakeran.