
Atzo gauean Etxe Zuriak erabaki zuen Txinari ezarritako muga zergei beste luzapen bat ezartzea. Horrela, 90 egun gehiago izango dituzte bi herrialdeek muga-zergen inguruan adostasun batera iristeko, azaroaren 10era arte. Erabaki horri erantzunez, Txinak ere muga-zergak bertan behera utziko ditu, herrialdeko Merkataritza Ministerioak adierazi duenez.
Atzo zen negoziazio epearen azken eguna, baina espero bezala, ordu gutxiren faltan AEBk luzatu egin du akordioa lortzeko epea. Merkataritza gerra dela eta, AEBk apirilean %145eko muga-zergak ezarri zizkien produktu txinatarrei, eta Txinak, berriz, %125era igo zituen AEBeko inportazioak.
Txinak "aurrerapauso esanguratsuak" egin dituela adierazi zuen atzo Donald Trumpek. Azken hilabeteotan hainbat bilera egin dituzte bi herrialdeek. Azkena Stockholm-en (Suedia) egin zuten orain hilabete, zeinetan muga-zergen su etena luzatzeari buruz aritu ziren negoziatzen.
Su etena luzatu arren, indarrean jarraitzen dute Txinak AEBetako ondasunen inportazioei ezarritako %10eko zergek. Izan ere, Estatu Batuek egun %30eko muga zergak ditu Txinako produktuen gainean.