• EKONOMIA
  • AEBko produktuek ordaindutako zergen parekoak ezarri nahi dizkie herrialdeei Trumpek

AEBko produktuek ordaindutako zergen parekoak ezarri nahi dizkie herrialdeei Trumpek

Herrialdez herrialdeko azterketa egitea eskatu dio bere lantaldeari. Neurri berriak apirilean sartu litezke indarrean

Trump, artxiboko argazki baten | Argazkia: Gage Skidmore/Wikipedia
Trump, artxiboko argazki baten | Argazkia: Gage Skidmore/Wikipedia
2025eko otsailaren 14a
Eg. 2025eko otsailaren 14a

Muga-zergen mehatxuarekin beste pauso bat eman du Donald Trumpek atzo, gerra komertzialean tentsioa areagotuta. Bere taldeko adituei eskatu die elkarrenganako muga-zergen ezarpena aztertzea. Alegia, atzerriko merkatuetan AEBko produktuen gain ezartzen diren zergak berdindu nahi ditu Ipar Amerikako Herrialdera inportatzen diren produktuei. "Herrialdeek Amerikako Estatu Batuei kobratzen dietena haiei kobratuko diegu. Ez gehiago, ez gutxiago", plazaratu du Trumpek Truth Social sare sozialean.

 

Neurri horien bitartez muga-zergatzat jotzen ez diren muga komertzialei aurre egitea bilatzen du ustez. Bestela esanda, araudi erregulatzaile "gehiegizkoei", dirulaguntza publikoei, BEZaren diferentzialei, edota AEBko produktuei eragiten dieten ganbio politikei erantzuna eman nahi die presidenteak bere bigarren legegintzaldian.

Aditu taldeari emandako agindua da kasuak herrialdez herrialde aztertzea, sistema pertsonalizatuak ezartzeko, eta bakoitzarekin dituen harreman komertzialak birdefinitzeko. Jakinarazi du, halaber, ez dela salbuespenik izango, hain zuzen ere, elkarrenganako neurriak izango baitira.

 

Europar Batasunaren kasuan, Trumpek bereziki kritikatu ditu AEBko produktuen gain dagoen BEZa eta enpresa teknologikoei jarritako isunak. Biak ala biak dira fokuan daudenak, baina baita  automobilgintzako produktuak, erdieroaleak eta farmazeutikoak ere. Horien kasuan zerga altuagoak ezarri nahi dizkie.

Bloomberg hedabideak jasotakoaren arabera, Howard Lutnik Merkataritza Idazkariak prentsari esan dio zergei buruzko ikerketak prest izan beharko zukeela apirilerako, beraz, goizenez, hilabete horretan ezarriko lirateke neurriak.