
Atzo goizean AEBtako Nazioarteko Merkataritza Auzitegiak aho batez ebatzi zuen ez dela legezkoa Trumpek hainbat muga-zerga ezartzeko erabilitako bidea. AEBko presidenteak 1977. urteko larrialdietarako lege bat baliatu zuen muga-zergak aplikatzeko.
Atzo bertan Etxe Zuriak helegitea jarri zion erabakiari, eta Washingtongo Helegite Auzitegiak aintzat hartu du. Modu honetara, Nazioarteko Merkataritza Auzitegiaren agindua eten egin da behin-behinean, eta ekainaren 5a arteko epea izango du Trumpek jarritako helegiteari erantzuteko.
Hortaz, muga-zergek indarrean jarraituko dute harik eta epaileek helegiteaz erabakitzen duten arte. Erabakiak Liberation Day egunean ezarritako muga-zergei eragiten die, hots, munduko ia herrialde guztiei ezarritako %10eko muga zerga orokorrei eta Txina, Mexiko eta Kanadari fentaniloaren aurkako neurriei.
Muga-zerga gehiago ezartzeko beste bide batzuk baliatu ditu Trumpek. Esaterako, altzairu, aluminio eta automobil inportazioei ezarritako %25eko zergak merkataritza legearen 232 atalaren bidez aplikatu zituen, eta kasu horretan epaileek legezkotzat jo zuten neurria.
Merkataritza legearen 122 atala ere erabili dezake zerga neurri gehiagorako. Inportazio guztiei ezar dakieke muga zerga atal horren bidez, baina gehienez %15ekoak eta 150 egunez. Bestalde, 1930eko lege komertzial bati ere hel diezaioke, AEBko merkataritza diskriminatzen duten estatuen inportazioei %50erainoko muga-zergak ezartzea ahalbidetuko liokeena.