
Berriztagarrien sektoreko erronka handienetako bat da haize parkeetako hondakin nahiz osagaien birziklatzea. Izan ere, 2030erako Europa osoan 5.700 aerosortzaile eraitsiko direla aurreikusten da, haize parkeetan egin beharreko aldaketen ondorioz. Bada, EnergyLoop taldeak haize-sorgailuen palak birziklatzeko lantegia inauguratu du gaur Cortesen (Nafarroa). FCC eta Iberdrola dira talde horren atzean dauden entitateak, eta guztira 10 milioi euroko inbertsioa egin dute.
Iberiar Penintsulan halako birziklapena egingo duen lehenengo planta izango da, urtean 10.000 tona hondakin birziklatzeko gaitasuna izango duena. Gaurko inaugurazio ekitaldian izan dira Maria Chivite Nafarroako Gobernuko presidentea, Mikel Irujo Industria kontseilaria, Mario Ruiz-Tagle Iberdrolako zuzendari nagusia eta Iñigo Sanz FCCko zuzendari nagusia.
Chivitek adierazi zuenez, “EnergyLoop punta-puntako proiektu bat izateaz gain, eredu industrial berritzaile eta zirkular bat eredu energetiko berde batekin bateratzearen adibide bat da”. Gaineratu du Nafarroako Gobernua ahalegina egiten ari dela industria-jarduera deszentralizatzeko, eta halako proiektu bat, Cortesen, Nafarroako Erriberan, gauzatzeak esanahi handia duela nabarmendu du.
Ruiz-Tagleren hitzetan, industria lantegi bat baino askoz gehiago inauguratu dute gaurkoan. "Teknologia berriek trantsizio energetiko jasangarria egitea eta landa-eremuan enplegua sortzea ahalbidetzen dute”, adierazi du.
Proiektu honen bidez, aurreikusten dute ehun bat lanpostu sortzea datozen hamar urteetan.