• EKONOMIA
  • Aiaraldearen etorkizun industrialaz hausnartzeko bilera egin dute, protesta artean

Aiaraldearen etorkizun industrialaz hausnartzeko bilera egin dute, protesta artean

Aiaraldeako Garapen Industrialaren aldeko bileran 30 bat ordezkari bildu dira; protestarien ustez, ordea, haien “aurpegi zuriketarako” egin da bilkura

Argazkia: Arabako Foru Aldundia
Argazkia: Arabako Foru Aldundia
2025eko azaroaren 26a - 16:54

Arabako Foru Aldundiak abian jarri du Aiaraldeako Garapen Industrialaren aldeko Mahaia, Amurrioko El Reforren egin den lehen bilkura batekin. Bertan, hogeita hamar bat ordezkari instituzional, enpresarial, sindikal eta sozial bailararen egoerari buruzko diagnostiko partekatu bat lantzen hasi dira. Ibarraren etorkizun industrialaren norabidea zehaztuko duen itun baten oinarriak ezartzea da helburua.

 

Ramiro González lurraldeko ahaldun nagusiak parte-hartze handia eskertu du, eta eskualdeak bizi duen egoera larria aitortu du, Valvospain, Glavista, Guardian, Tubos Reunidos eta Maderas de Llodio enpresetan itxierak eta doikuntzak egin behar izan dituztelako, besteak beste. “Asko kezkatu eta okupatu gaituzten prozesuak dira”, esan du, mahaiaren sorrerak Aiaraldeak “oraina eta etorkizun industriala” dituen uste sendoari erantzuten diola azpimarratuta.

Saioan zehar, sektoreak zonaldean duen egoerari buruzko lehen erradiografia bat aurkeztu da. Dokumentuak baieztatzen du Aiaraldeak industria-gune nabarmena izaten jarraitzen duela, BPGari egiten dion ekarpenari, enpresa-sareari eta Bilbo eta Gasteiz artean duen kokapen estrategikoari esker. Azpiegitura logistikoak, trakzio-enpresak, enpresa txiki eta ertain osagarriak eta industriari lotutako prestakuntza-zentroak ere baditu. Hala ere, azken hamarkadan lehiakortasuna “moteldu” egin da, pandemiaren ondoren larriagotu egin da egoera, industria-jarduera gutxiago izan da, enplegu gutxiago, inbertsio gutxiago eta lurzorua aurkitzeko zailtasun gehiago.

 

Protestan aritu direnek uste dute mahaia “aurpegi zuriketa” bat besterik ez dela, momentu horretara arte “beste alde batera begira” egin dutenena

Egoera hori izanik ere, suspertze zantzuak eta inbertsio berriak identifikatzen ditu Aldundiak. Eskualdeak hainbat abantaila mantentzen ditu, hala nola, bere kokapena eta bere ehun produktiboaren pisua; gainera, batez besteko enpresa tamaina lurraldeko batez bestekoa baino handiagoa, nazioarteko profil sendoa izateaz gain: Aiaraldeko konpainien %8k filialak ditu beste herrialdeetan.

Hurrengo urrats gisa, foru erakundeak ondorioen laburpena eta galdetegiak bidaliko dizkie parte-hartzaileei, planteatutako palanka estrategikoetan sakontzeko. Mahaia 2026ko urtarrilean bilduko da berriro.

Protestak bileraren atarian

Bilera gelara iritsi aurretik eragileek protestekin egin dute topo. Izan ere, SOS Aiaraldea mugimenduak eta Maderas de Llodioko grebalariek mobilizazioa egin dute; horrez gain, gutuna eman diote Gonzálezi, “eskualdeko langile klasearen izenean”.

SOS Aiaraldeakoek adierazi dutenez, “dozenaka herritar elkartu dira bilera atarian instituzio publikoen utzikeria” salatzeko. Protestan aritu direnek uste dute mahaia “aurpegi zuriketa” bat besterik ez dela, momentu horretara arte “beste alde batera begira” egin dutenena, hain zuzen ere. Aldi berean, beharrezkotzat jotzen dituzten lau eskaera argi egin dituzte: kaleratzeak gelditzea, enpresen deslokalizazioak etetea, borrokaren kriminalizaziorik ez egitea eta inbertsio errealak egitea.