• EKONOMIA
  • Airbnb hemorragia gelditzeko araua

Airbnb hemorragia gelditzeko araua

Ipar Euskal Herrian gorakada izan da etxebizizen prezioan; aldi berean, nabarmen igo da Airbnb bezalako alokairuen kopurua. Horren aurka egitea du helburu konpentsazioaren neurriak

Donibane Lohizuneko udako etxeetan ezin da gehiago Airbnb gisako kontraturik egin | Argazkia: Franck Dolosor
Donibane Lohizuneko udako etxeetan ezin da gehiago Airbnb gisako kontraturik egin | Argazkia: Franck Dolosor
VpZtp uM 400x400
Kazetaria
2026eko otsailaren 1a - 05:30

Konpentsazio neurriak hiru urte beteko ditu martxoan. Indarrean sartu zenetik, alokairu laburren fenomenoa gelditu du Lapurdiko kostaldeko 24 herritan. Martxoan bere eragina osoa izango da jabe guztiek aplikatu beharko dute eta.

 

Ia Euskal Herri osoan bezala, etxebizitzaren gaia oso minbera da Lapurdiko kostaldean. Ipar Euskal Herrian bost etxebizitzatik bat udako etxea da, metro karratuaren prezioa gero eta handiagoa da, ia 10.000 euro zenbait gunetan, eta urtero hiru mila biztanle gehiago daude, batik bat Lapurdiko kostan, hau da, gune tentsionatuenean. Arazoari buru egiteko, Ipar Euskal Herriko hautetsiek zenbait neurri martxan eman dituzte jadanik itsas bazterrean, besteak beste, bigarren etxeen gaineko zerga emendatzea, alokairuak mugatzea eta konpentsazio neurria. Azken arau horren helburu nagusia da Airbnb bezalako alokairuen biderkatzea gelditzea. Neurriaren ideia oso sinplea da: alokairu mugatua proposatu nahi duen jabeak gisa bereko etxebizitza alokatu behar du ere urte osoan eta udalerri berean. Airbnb pisu bat egin liteke bakarrik lehen etxebizitzarekin, eta ez gehiago udako egoitza batekin.

Konpentsazio neurria indarrean sartu zelarik, Jean René Etchegaray Euskal Hirigune Elkargoaren presidenteak berak aitortu zuen ia ezinezkoa zela “konpentsatzea”. Bere hitzetan, arau “libertizida” hori beharrezkoa da, halere, hemorragia gelditu eta bertako herritarrak doi bat lagundu ahal izateko. 2016tik 2020ra, Airbnb gisako pisuen kopurua %130 igo zen Ipar Euskal Herrian, 7.150 pisutik 16.440ra hain zuzen. Konpentsazio neurria 24 herritan aplikatzen da orain, Baionatik Hendaiara, Miarritze eta Azkainen barrena. Martxoan, indarrean dauden alokairu mugatuak egin ahal izateko baimen guztiak bukatuko dira, eta, ondorioz, aurrerantzean, jabe guztiek “konpentsatu” beharko dute.

 

Ipar Euskal Herrian bost etxebizitzatik bat udako etxea da, metro karratuaren prezioa gero eta handiagoa da, ia 10.000 euro zenbait gunetan, eta urtero hiru mila biztanle gehiago daude, batik bat Lapurdiko kostan, hau da, gune tentsionatuenean

Duela bost urte, ALDA etxebizitza duina denentzat aldarrikatzen duen herritar taldea sortu zen, eta bere lehen ekimenen artean, Euskal Hirigune Elkargoak bozkatu zuen konpentsazio neurria sustatzea izan zen. Paris eta Frantziako Estatuko zenbait hiri handiren adibideak segitu zituzten horretarako. Hiru urte geroago, Xebax Christy ALDAren ko-presidenteak azpimarratzen du gaur egun inork ez duela ukatzen neurriak ondorio onak ekarri dituela. “Urte osorako etxeen galera gelditu da. Hori gure lehen helburua zen eta inork ez du zalantzan ezartzen hori behintzat lortu dela”, goraipatu du. Dena den, Euskal Hirigune Elkargoak 2023ko martxoan indarrean ezarri zuen konpentsazio neurriaren eragina zein den zehatz inork ez daki. Izan ere, inon ez da garbi agertzen alokairu laburrean zeuden zenbat pisu urte osoan alokagai dauden orain. Miarritzen, ehun pisu inguru izan litezke, baina beste udalerrietan ez dute zenbakirik eskaintzen. 2023an bi pertsonak lortu zuten “konpentsatzea” eta 2024an hiruk besterik ez.

“Hemorragia gelditu behar zen”, gehitu du Maud Cascino Miarritzeko herrigintza alkate ordeak. “Gure hirian, 4.500 bizitegi alokairu laburrean zeuden eta orain 3.800 daude. 700 gutxiago beraz, eta kopuru hori gehiago apal liteke indarrean diren baimen guztiak martxoan geldituko baitira. Martxotik hara, denek konpentsatu beharko dute eta horrek aldaketa sakona ekar lezake. Izan ere, orain arte Miarritzen bik “konpentsatu” ahal izan dute bakar bakarrik” dio Cascinok. Miarritzeko alkate eskuindarraren gehiengoa konpentsazioaren alde dago espekulazioaren parte bat gelditu baitu.

Ahatik, hastapenetik Kotte Ecenarro Hendaiako auzapez sozialistak ez du batere begi onez ikusten araudi berria turismoa kaltetzen duelakoan bere hirian. Turismoaren sektoreak 800 lanpostu dauzka Hendaian udan eta urte osoan 400. Hendaian, turismoaren jarduera ekonomiaren %20 da, eta bertako saltzaileen negozio zifraren laurdena. Ecenarrok dio 2022an gisa horretako mila bizitegi alokatzen zirela, bi urte geroago 119, eta iaz, 15 inguru besterik ez. “Egonaldien zerga dela eta, Hendaiak 200.000 euro gutxiago biltzen ditu orain eta jabe batzuek beren ondasunak saltzen edo osoki hesten dituzte”, deitoratu du Hendaiako alkate sozialistak.

Maud Cascino: “Gure hirian, 4.500 bizitegi alokairu laburrean zeuden eta orain 3.800 daude. 700 gutxiago beraz, eta kopuru hori gehiago apal liteke indarrean diren baimen guztiak martxoan geldituko baitira"

Pierrette Etcheverria jabe batzuen taldeko buruzagiak uste du arau berriak eragina duela kanpoko jabeengan batik bat. “Airbnb egiten duten gehienak ez dira hemengo jabeak, beste nobaitekoak baizik. Kanpotarrek egiten dute bereziki dirua irabazteko. Espekulazioa da, bakoitzak berea ikusten du bakarrik. Hemengoek badakite nola den eta hortik atera dira urte osoko alokairuei lehentasuna emanez”.

FNAIM higiezin agentzien sareak helegiteak eman ditu konpentsazio neurriaren kontra. Bi aldiz galdu dutenez, gaia Frantziako Kasazio Gorteraino eraman dute orain. Elodie Mir FNAIM sareko buruak dio neurria zorrotzegia dela, kendu eta berriro eraiki behar litzatekeela denen interesak kontuan hartuz. “Helegiteak aurkeztea legezkoa da, tresna bat da. Guk ez ditugu okupazio ilegalak egiten. Egiazki ez da konpentsaziorik egin, ezinezkoa baita. Airbnb hemorragia gelditu behar zen baina ez molde horretan. Elkarbizitza sustatu behar da noski, baina turismoa ere bai”, adierazi du.

Iruzurrari buru egin

Frantziako Gobernuaren ordezkariek eta tokiko hautetsiek hurbiletik begiratzen dute gai hori iruzur kasuak sumatzen dituztelako, batik bat jabe batzuek beren udako etxeak lehen bizitegi gisa izendatzen dituztelarik alokairu mugatuak egin ahal izateko. Gisa horretako mila eta ehun aldaketa kasu gertatu dira Miarritzen eta 200 baino gehiago Hendaian. “Argi dago iruzurra dagoela, kasu asko daude eta, beraz, kontrolak gehitu behar dira” errepikatzen du ALDA taldeko Christyk. Miarritzeko udalak zerbitzu berezia dauka horretarako. “Legea errespetatu behar dutela oroitarazten diegu maiz jende askori. Iruzur bi kasu auzitara eraman ditugu jadanik. Jabe bati 10.000 euroko isuna eman dio justiziak, baina Miarritzeko udalak helegitea eman du zigorra ez delako aski handia”, zehaztu du Cascino herrigintza alkate ordeak.

Frantziako Gobernuaren ordezkariek eta tokiko hautetsiek hurbiletik begiratzen dute gai hori iruzur kasuak sumatzen dituztelako, batik bat jabe batzuek beren udako etxeak lehen bizitegi gisa izendatzen dituztelarik alokairu mugatuak egin ahal izateko

Christyk gogor kritikatzen du jabe ainitzek beren bigarren etxebizitza etxe nagusia dela deklaratzen dutela araudia saihesteko. Bere hitzetan, erakunde publikoek kontrol zorrotzagoak egin behar lituzkete berdintasuna bermatua izan dadin eta egiazki zor zaizkien zergak eskura ditzaten. Iruzurrari buru egiteko, Peio Dufau Lapurdiko kostaldeko diputatu abertzaleak emendakinak aurkeztu ditu duela gutxi Asanblea Nazionalean Parisen. Legelbiltzarkideak begi txarrez ikusten du Grenoblen lan egiten duen mediku baten adibidea. Ziburun daukan etxea lehen etxebizitza gisa deklaratze du, nahiz eta aste osoan Grenoblen lan egiten duen. Gisa horretako 4.000 kasu inguru egon litezke Lapurdin.

“Miarritzen ere aldaketa horiek gertatzen dira gero eta maizago, mila baino gehiago araudi berria indarrean denetik”, zehaztu du Cascinok. Udaberrian etapa berria hasiko da Ipar Euskal Herrian martxoaren 15 eta 22an egingo diren udal hauteskundeak direla eta, tokiko erakunde guztiak berrituko direlako, 158 herriko etxeak eta Euskal Hirigune Elkargoa. Gainera, martxotik hara, jabe guztiek “konpentsatu” beharko dute, eta, beraz, Lapurdiko kostaldean nabarmen apalduko da Airbnb fenomenoa. Inork ez daki ordea etxebizitza horiekin zer gertatuko den etorkizunean.