• EKONOMIA
  • Etxeez harago: Airbnbren eredua furgonetetara, igerilekuetara eta lorategietara iritsi da

Etxeez harago: Airbnbren eredua furgonetetara, igerilekuetara eta lorategietara iritsi da

Azken urteotan, furgoneta, igerileku eta lorategien alokairurako plataformak ugaldu dira merkatuan. Arrakasta handiko negozioa bilakatu da, baina turismoaren masifikazioa dakar eta araudia osatzeke dago oraindik

Argazkia: iStock
Argazkia: iStock
June Agirre Ansa
Kazetari kolaboratzailea
2025eko abuztuaren 16a - 05:30

Airbnb San Frantziskon (AEB) sortu zen 2008an. Jabe pribatuek euren etxebizitzetako logelak eta espazioak alokatuz, bidaiariei lo egiteko tokia eskaintzea zuen helburu. Airbed and Breakfast izenarekin jaio zen, eta ekonomiaren partekatze ereduan oinarrituta, aukera berriak sortu zituen bidaiarientzat eta jabeentzat. Proiektua oso testuinguru jakin batean eratu zen: 2008ko krisi ekonomiko globalaren ondorioz, jende askok diru-sarrera osagarriak bilatzen zituen, eta, aldi berean, bidaia merkeagoak nahi zituzten erabiltzaileak agertu ziren. Plataforma hori bizkor hazi zen, eta mundu osora hedatu, erabiltzaileen esperientziak erdigunean jarrita eta ostalaritzaren kontzeptua berriro definituz.

 

Urteekin, Airbnb-k bere negozio eredua aldatu eta zabaldu du. Etxebizitzen alokairu batzuetatik abiatuta, ostalaritza ekosistema oso bat sortu du. Bertan, tokiko esperientziak eta ostatu bereziak ere eskaintzen dira, beste hainbat aukerekin batera. 2016tik aurrera, Airbnb Experiences atala sortu zen, erabiltzaileek tokiko jardueretan parte har zezaten (sukaldaritza tailerrak, bisita kulturalak edo eskulan ikastaroak, besteak beste). Aldi berean, plataformak Airbnb Plus eta Airbnb Luxe zerbitzuak garatu zituen, kalitate altuko ostatuetarako. Gaur egun, Airbnb ez da soilik ostatu bila dabiltzanentzat; jabeentzat diru-sarrerak sortzeko aukera, eta erabiltzaileentzat, tokiko kultura eta bizipen bereziak ezagutzeko bidea baizik. Haren eragina turismoaren eta hiriaren eraldaketa urbanistikoan nabaritzen da, mundu osoan.

Airbnb-k irekitako bideari jarraituz, antzeko ereduak dituzten beste plataforma batzuk azaldu dira. Digitalizazioaren laguntzarekin, furgoneta, igerileku eta lorategien alokairurako plataformek ere indarra hartu dute azken urteotan. Ereduak berdintsuak dira: baliabide bat duten partikularrek eskaintza bat jartzen dute sarean, eta erabiltzaileek ordainpeko sarbidea lortzen dute. Airbnb-k ostatu tradizionalari egin dion bezala, plataforma horiek ere erabilera berriak proposatzen dituzte baliabide pribatuentzat. Kasu askotan, lokalizazio arazoen irtenbide bihurtzen dira: espazio faltari aurre egiteko edo aisialdi aukerak deszentralizatzeko baliagarriak dira.

 

Airbnb-k irekitako bideari jarraituz, antzeko ereduak dituzten beste plataforma batzuk azaldu dira. Digitalizazioaren laguntzarekin, furgoneta, igerileku eta lorategien alokairurako plataformek ere indarra hartu dute azken urteotan

Horien artean, Yescapa da ezagunenetako bat. Furgoneta eta camperren alokairurako plataforma da, eta “furgoneten Airbnb” izenez ezagutzen da. Frantzian sortua, gaur egun Europan barrena zabalduta dago, eta 500.000 erabiltzaile baino gehiago ditu. Plataformak aukera ematen die jabe pribatuei euren ibilgailuak alokairuan jartzeko, eta bezeroei bidaia libreago bat egiteko. Yescapak asegurua eta laguntza teknikoa barne hartzen ditu, eta esperientzia segurua eta erosoa bermatzen saiatzen da.

Swimmy beste adibide interesgarri bat da. “Igerilekuen Airbnb” bezala ezagutua, plataforma horrek aukera ematen die erabiltzaileei igerileku pribatuak orduka alokatzeko. Frantzian sortu zen hau ere, eta dagoeneko 200.000 erabiltzaile baino gehiago ditu. Funtzionatzeko era aurreko plataformen berdina da; igerileku bateko jabe pribatuek alokairuan jartzen dituzte euren igerilekuak. Eskaintza horrek arrakasta berezia du udaran, herrietan eta hiri inguruetan igerileku publikorik ez dagoenean bereziki, edo jende pilaketa saihestu nahi denean.

We Peps plataformak, berriz, bestelako erabilera bat eskaintzen du: lorategi, terraza, areto edo bestelako espazio pribatuak alokatzea, batez ere ekitaldi zehatzetarako. Familia bazkariak, urtebetetzeak edo ospakizun informalak egiteko leku alternatiboak eskaintzen ditu. Frantzian arrakasta handia izan du, Espainian aldiz, oraindik hazkunde fasean dago. We Pepsen bidez, erabiltzaileek ostalaritza tradizionala baino merkeago edo pertsonalizatuagoko espazioak aurki ditzakete. Halaber, eraikin historikoetako patioak, landa etxeetako zelaiak edo hiri barruko terrazak eskaintzen dira. Bertan, profesionalentzako bilera espazioak edo tailerretarako gune alternatiboak ere eskura daitezke.

Plataforma horiek, hasiera batean partekatzean oinarritzen baziren ere, gaur egun negozio bihurtu dira, eta horrek turismo masifikatua sustatzen du

Ekonomia kolaboratibo honek abantaila ugari eskaintzen ditu. Alde batetik, erabilera gutxiko baliabideak (furgonetak, igerilekuak, lorategiak...) monetizatzeko aukera ematen du, baliabide horiek erabilgarri jartzen dituzten jabeentzat diru-sarrera osagarriak sortuz. Bestetik, erabiltzaileentzat esperientzia berriak eta eskuragarriagoak eskaintzen ditu, eskaintza tradizionaletik harago.

Hala ere, erronkak ere badira. Araudia oraindik argitu gabe dago, eta kasu askotan ez dago zehaztuta zein baldintzatan eman daitezkeen halako alokairuak. Bestalde, aseguruen gaia konplexua da, eta ez da beti argi geratzen nork hartzen duen erantzukizuna arazoren bat gertatzen bada. Urtarokotasuna da beste oztopo bat: igerileku edo lorategien erabilera, esaterako, udako hilabeteetara mugatua egon daiteke. Horrez gain, plataforma horiek, hasiera batean partekatzean oinarritzen baziren ere, gaur egun negozio bihurtu dira, eta horrek turismo masifikatua sustatzen du. Hirigune askotan, tokiko biztanleek pairatzen dituzte turista kopuru handiaren presioa: prezioen igoerak, etxebizitzen eskuragarritasunaren murrizketa eta auzoen izaera aldatzen dira. Zenbaitetan, tokiko biztanleek euren auzoetatik alde egitera behartuta ikusten dute euren burua, alokairuen igoera neurrigabeek bizitzeko aukera errealak murrizten dituztelako. Plataforma hauek, etxebizitza hutsak edo aisialdirako guneak komertzial bihurtzean, hiriaren kohesioa hausten dute, eta auzokideen arteko harremanak ahultzen. Beraz, erronka ez da soilik merkatua egonkortzea eta arautzea, baizik eta oreka bilatzea erabilera pribatuaren ustiapenaren eta komunitatearen ongizatearen artean.