
Aena Espainiako Estatuko aireportuen kudeatzaileak jakitera eman ditu apirileko aireportuetako datuak. Oro har, Hego Euskal Herriko aireportu gehienetan gora egin du bidaiarien eta lurreratzeen zein lehorreratzeen kopuruak.
Gasteizko Forondaren kasua da azpimarragarriena, inoiz baino datu “hobeak” eskuratu baititu: orotara 37.094 bidaiari pasa dira aireportutik, iaz baino %37,5 gehiago. Bilbon ere %4,3 hazi da bidaiari kopurua, 617.667 pertsonekin, eta Iruñean ere %5,7 igo da zifra, 21.252 bidaiarirekin; soilik Hondarribiko aireportuak eskuratu ditu iaz baino datu baxuagoak, %8,5eko beherakadarekin, hau da, 39.787 bidaiarirekin.
Lurreratze eta aireratze mugimendu kopuruei dagokienez, igoera nabaria izan da Iruñeko aireportuan, %21,3 gehiago izan baitira (554 mugimendu); Bilbon ere iaz baino gehiago zenbatu dira, hots, 4.698 lurreratze eta aireratze (%0,4). Aldiz, eragiketa kopuruak behera egin du, bai Hondarribian (-%8,2), bai Forondan (-%1,4), hurrenez hurren 492 eta 1.259 mugimendurekin.
Lehenengo lauhilekoa
Urteko lehen lau hilabeteetako datuak kontuan izanik, ia kopuru guztiak altuagoak dira iazkoak baino. Izan ere, aurreko urteko epe berean baino pertsona gehiago gerturatu dira Hego Euskal Herriko aireportuetara: 1.928.759 bidaiari Bilbon (%2), 88.086 bidaiari Gasteizen (%23,8) eta 73.732 bidaiari Iruñean (%1,7); Hondarribian, ordea, 133.066 bidaiari izan dira (-%1,8).
Epe horretan eragiketek, hau da, lurreratze eta aireratzeek, gora egin dute: 15.437 Bilbon (%2,2), 1.653 Hondarribian (%1,3), 4.405 Gasteizen (%1,1) eta 1.927 Iruñean (%16,3).