• EKONOMIA
  • Akuikultura parkea eraikiko da Lemoizko zentral zaharrean

Akuikultura parkea eraikiko da Lemoizko zentral zaharrean

170 milioi euroko inbertsioa egingo da, eta lehen arrainak merkatura 2031 urtean iritsiko dira

Proiektuaren aurkezpen ekitaldia | Argazkia: Irekia
Proiektuaren aurkezpen ekitaldia | Argazkia: Irekia
2026ko apirilaren 27a - 13:52

Akuikultura jasangarriaren aldeko apustu berria iragarri du Eusko Jaurlaritzak. Hain zuzen ere, gaur egindako aurkezpenean iragarri dutenez, Lemoizko zentral zaharrean akuikultura parke bat instalatuko da, 170 milioi euroko inbertsioa publiko-pribatuaren bitartez. Datozen hamar urteetan garatuko den proiektuak elikaduraren sektorea indartzea ahalbidetuko duela bermatu Pradalesek.

 

“Nazioartean erreferente izan nahi duen proiektua da, jasangarria ekonomikoki, sozialki eta ingurumenaren aldetik”, baieztatu du Lehendakariak. Aquacría Basordas enpresak sortuko duen poloak zenbait helburu izango ditu: elikadura sektorearen balio-katea indartzea, arrainen ekoizpen gaitasuna handitzea, enplegu kualifikatua sortzea eta ekoizpen eredu jasangarriagoak bultzatzea.

Hori guztia egiteko, gaur egun erabiltzen ez den azpiegitura industriala berrerabiliko da. Proiektua bideragarria izateko Lemoiz kokaleku egokia dela identifikatu zuen Jaurlaritzak, batetik, itsasoko uretara sarbide zuzena duelako, eta bestetik, eskala industrialeko espazio erabilgarria eskaintzen duelako. Jaurlaritzak jakinarazi duenez, lekua hautatu baino lehen “analisi teknikoak eta bideragarritasun azterketak” egin dira, baita “sektore pribatuarekin kontrasteak egin" ere.

 
Pradales proiektuaren aurkezpen ekitaldian | Argazkia: Irekia
Pradales proiektuaren aurkezpen ekitaldian | Argazkia: Irekia

Aurreikuspenen arabera, proiektuak 200 lanpostu inguru sortuko ditu, eta urtean 3.000 tona inguruko ekoizpen gaitasuna izango du, besteak beste, mihi-arrainena. Hain zuzen ere, hiru urte barru jada lehen mihi-arrainak hazten hasteko aukera izango dute; hala izatekotan, lehen arrainak merkatuetara 2031 urtean iritsiko lirateke.

Guztira, akuikultura parkeak 46.600 metro karratuko azalera izango du, ekoizpen zikloaren fase guztiak bertan integratzeko aukera emanez (arrautzetatik hasi eta arrainen gizentze eta merkaturatzera arte). Gainera, teknologia aurreratuak erabiliko dira, hala nola, uraren %97 berrerabiltzeko.