• EKONOMIA
  • “Akordio markoa” adostu dute Txinak eta AEBk

“Akordio markoa” adostu dute Txinak eta AEBk

Herrialdeetako ordezkariek maiatzaren 12an Suitzan hitzartutakoa betetzeko konpromisoa adierazi dute

Argazkia: iStock
Argazkia: iStock
2025eko ekainaren 11a
Eg. 2025eko ekainaren 11a

Txinak eta Estatu Batuek “akordio markoa” hitzartu dute. Londresen bi egunez bilduta egon ostean, bi herrialdeetako ordezkariek adostu dute maiatzean Suitzan hitz egindakoa aplikatuko dutela, eta Estatu Batuetako Merkataritza idazkariaren esanetan, helburu dute “defizita murriztea eta merkataritza handitzea”.

 

Suitzan egindako bilera hartan zenbait puntu landu zituzten herrialdeek: besteak beste, AEBk zenbait esportazio-murrizketa kentzeko konpromisoa hartu zuen, bereziki erdieroaleekin eta AI txipekin lotutakoak; bestalde, Txinak mineral kritikoen (lur arraroak eta magnetoak) esportazioari jarritako mugak arintzea erabaki zuen, zeinak garrantzitsuak diren automobilgintza elektrikoan eta defentsaren industrian.

Genevan (Suitza) akordatutakoaz gain, Donald Trump eta Xi Jinping presidenteek telefonoz hitz egin omen dute, “arazoa konpontzeko konfiantza handia” emanda. Hala ere, oraindik prozesua amaitu gabe dago, bi presidenteek azken baiezkoa eman behar baitute akordioa behin betikoz aplikatu baino lehen.

 

AEBetako ordezkariaren esanetan “funtsezko pausoa” izan da telefono deia, eta Txinak ordezkaria ere baikor agertu da: “elkarrizketak profesionalak, arrazionalak eta sakonak izan dira”, esan du. Gaineratu du Suitzan adostutakoa eta presidenteek telefonoz hitz egindakoari eskerrak indartu egingo dela bi herrialdeen arteko konfiantza, “ekonomiaren eta merkataritzaren garapen azkarra eta osasungarria sustatu daitekeelako”.

Maiatzaren 12an ezeztatu zituzten Txinak eta AEBk batak besteari ezarritako muga-zergak, gutxienez, 90 egunez. Gauzak horrela, %10era jaitsi zizkien muga zergak Asiako herrialdeak AEBetako inportazioei, eta, kontrara, AEBk %30era beheratu zizkion Txinari.