• EKONOMIA
  • Akordioa erdietsi dute kudeaketa zuzeneko jangelen hitzarmen kolektiboaren negoziazioan

Akordioa erdietsi dute kudeaketa zuzeneko jangelen hitzarmen kolektiboaren negoziazioan

LABek dio "hobekuntza garrantzitsuak” lortu dituztela lan baldintzei dagokienez. ELAk ez du hitzarmena sinatu

Argazkia: LAB
Argazkia: LAB
2026eko martxoaren 10a - 17:41

LAB sindikatuak jakinarazi duenez, aurreakordioa erdietsi du Euskal Autonomia Erkidegoko kudeaketa zuzeneko jangelen hitzarmen kolektiboaren negoziazioan. Sektoreko langileak hainbat hilabetez enpresekin negoziatzen aritu dira, eta hainbat mobilizazio nahiz greba egun egin dituzte. Bada, gaurkoan negoziazio mahaiean ordezkaritza handiena duen sindikatuak akordioa lortu du, CCOO eta UGTrekin batera.

 

LABen arabera, “lan, soldata eta gizarte arloko hobekuntza garrantzitsuak” lortu dituzte. Besteak beste, hiru urteko gelako eta lehen hezkuntzako ratioen aldaketa adostu dute, soldatak Eusko Jaurlaritzako sukaldeko langileekin parekatzea jasotzen du akordioak eta 2024tik 2028ra bitartean soldata igoerak adostu dituzte: 2024an, %0,5, 2025ean, %2,5, aurten %1,5, 2027an, %4,5 eta 2028an %2.

ELAk, bestalde, ez du sektoreko hitzarmena sinatu, sindikatuaren hitzetan, “langileek eskatutako gutxienekoak betetzen ez dituelako”.

 

LAB, CCOO eta UGT sindikatuek sinatutako akordioak “ez du bermatzen soldata-parekatzea, soldata-igoerak mugatzen ditu eta ez du KPIari buruzko erreferentziarik jasotzen”, dio sindikatuak, eta salatu du hitzarmenak ez duela sektorean gutxieneko lanaldirik ezartzen, eta hori funtsezkotzat jotzen du prekaritateari aurre egiteko.